Euskal kirolarien ia erdiek jokatuko dituzte probak igande honetan, uztailak 25. Pauline Ado izango da goiztiarrena. Surfa gauerdi honetan hasiko dira lehiatzen aurreneko aldiz Olinpiar Joko batzuetan, eta beste hemeretzi lehiakideen aurka lehen txanda jokatuko du Adok, Euskal Herrian 03:20 direnean.
Eslalom piraguismoa ere arreta puntua izango da igande goizalde honetan. Lehiaketa hasiko da, eta Ander Elosegik C1 kanoa modalitatean lehen proba jokatuko du 06:00etan. Maialen Chourrautek, berriz, 06:47an hasiko ditu bere Tokioko Jokoak, K1 kayaka modalitatean. Sailkatze probak jokatuko dituzte, finalerdietara sartu ahal izateko.
06:00etan, baita ere, errepideko txirrindularitza proba hasiko da. Ane Santesteban lehiatuko da. Egun bakarreko lehiaketan jokatuko ditu bere aukerak, Rioko Jokoetan irabazitako esperientzia bizkarrean, eta orduan baino lasaitasun gehiagorekin.
Taldeko jokoetan ere ariko dira igandean euskal kirolariak. Euskal Herriko 11:20an, Espainiako taldearekin, waterpoloko lehiaketa hasiko du Alberto Munarrizek. Serbiaren aurka jokatuko dute; ligaxkako lehen partida dute.
12:30ean, berriz, bi partida aldi berean. Alde batetik, Nerea Pena eta Ainhoa Hernandezek lehiaketa estreinatuko dute, eskubaloian, Espainiako selekzioarekin. Suediaren aurka jokatuko dute ligaxkako lehen partida.
Ordu berean, 12:30ean, futbolean, Unai Simon, Mikel Oiartzabal, Mikel Merino, Jon Moncayola eta Martin Zubimendi lehiatuko dira, Espainiako taldean, Australiaren kontra. Ligaxkako bigarren partida dute.
Eta eguna bukatzeko, 13:45ean, belar hockeyko Espainiako selekzioarekin arituko da Jose Maria Basterra. Zeelanda Berriaren kontra dute jokoa, ligaxkako bigarrena.