Euskal kirolarien ia erdiek jokatuko dituzte probak igande honetan, uztailak 25. PaulineAdo izango da goiztiarrena. Surfa gauerdi honetan hasiko dira lehiatzen aurreneko aldiz Olinpiar Joko batzuetan, eta beste hemeretzi lehiakideen aurka lehen txanda jokatuko du Adok, Euskal Herrian 03:20 direnean.
Eslalom piraguismoa ere arreta puntua izango da igande goizalde honetan. Lehiaketa hasiko da, eta AnderElosegik C1 kanoa modalitatean lehen proba jokatuko du 06:00etan. MaialenChourrautek, berriz, 06:47an hasiko ditu bere Tokioko Jokoak, K1 kayaka modalitatean. Sailkatze probak jokatuko dituzte, finalerdietara sartu ahal izateko.
06:00etan, baita ere, errepideko txirrindularitza proba hasiko da. AneSantesteban lehiatuko da. Egun bakarreko lehiaketan jokatuko ditu bere aukerak, Rioko Jokoetan irabazitako esperientzia bizkarrean, eta orduan baino lasaitasun gehiagorekin.
Taldeko jokoetan ere ariko dira igandean euskal kirolariak. Euskal Herriko 11:20an, Espainiako taldearekin, waterpoloko lehiaketa hasiko du AlbertoMunarrizek. Serbiaren aurka jokatuko dute; ligaxkako lehen partida dute.
12:30ean, berriz, bi partida aldi berean. Alde batetik, NereaPena eta AinhoaHernandezek lehiaketa estreinatuko dute, eskubaloian, Espainiako selekzioarekin. Suediaren aurka jokatuko dute ligaxkako lehen partida.
Ordu berean, 12:30ean, futbolean, UnaiSimon, MikelOiartzabal, MikelMerino, JonMoncayola eta MartinZubimendi lehiatuko dira, Espainiako taldean, Australiaren kontra. Ligaxkako bigarren partida dute.
Eta eguna bukatzeko, 13:45ean, belar hockeyko Espainiako selekzioarekin arituko da JoseMariaBasterra. Zeelanda Berriaren kontra dute jokoa, ligaxkako bigarrena.