Zinemaldia

‘Maixabel’ filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da

Iciar Bollainen lanaz gain, Fernando Leon de Aranoa, Paco Plaza eta Jonas Truebarenak izango dira Urrezko Maskorrerako hautagaien artean. Mikel Gurrearen ‘Heltzear’ euskarazko film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko dute.

Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko uztailaren 30a
12:59
Entzun

Donostiako Zinemaldiak 69. jaialdian parte hartuko duten beste hamalau film hautatu ditu. Horien artean dago Iciar Bollainek zuzendu duen Maixabel, Sail Ofizialean lehiatuko dena. Halaber, Mikel Gurreak Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko du Heltzear euskarazko film laburra.

Maixabel lana, Maixabel Lasaren bizipenetan dago oinarrituta. Kontatzen duenez, 2000. urtean ETAko talde batek haren senar Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa hil zuen. Hamaika urteren ostean, berriz, tiroa egin zuen ETAko kide ohiak emakumearekin aurrez aurre hitz egitea eskatuko du. Blanca Portillo, Luis Tosar, Bruno Sevilla, Urko Olazabal eta Maria Cerezuela aktoreek egiten dute lan filmean.

Bollainen lanaz gain, Sail Ofizialeko lehian parte hartuko dute Fernando Leon de Aranoak zuzendutako El buen patrón / The Good Boss, Paco Plazaren La abuela, Jonas Truebaren Quién lo impide filmek ere. Sail berean baina lehiaz kanpo, Manuel Martin Cuencaren La hija / The daughter; Alejando Amenabarren La fortuna telesaila; Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil / Rosa Rosae. A Spanish Civil War Elegy film laburra —inaugurazio ekitaldian parte hartuko duena—; eta Daniel Monzonen Las leyes de la frontera emango dituzte. Azken horrekin amaituko da Zinemaldia.

Zuzendari Berriak sailean, jaialdiak zinemagileen lehen eta bigarren filmei eskaintzen dien sailean parte hartuko duten beste bi lanen berri ere eman dute: Josefina / Josephine, Javier Marcok zuzendua eta Belen Sanchez-Arevaloren gidoia duena; eta Iki Safak Arasında / Between Two Dawns, Selman Nacar zinemagilearena.

Horizontes Latinos sailerako, berriz, Piedra noche / Dusk Stone hautatu dute, Ivan Fund argentinarrak zuzendu duen lana.

Euskarazko film labur bat

Zabaltegi-Tabakalera sailak euskarazko film bat hartuko duela ere jakinarazi dute jaialdiaren antolatzaileek. Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti saileko film laburren lehiaketan parte hartu eta gero, Zinemaldian izango da Heltzear, Mikel Gurreak zuzendutakoa eta 2021eko Kimuak katalogoan hautatua. Horrez gain, sail berean erakutsiko duten beste lan baten berri ere eman dute: Eles Transportan a Morte / They Carry Death, Helena Giron eta Samuel M. Delgadorena.

Perlak saila, berriz, Competencia oficial (Gaston Duprat, Mariano Cohn) filmak irekiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.