Lan gatazkak

Tubacexek langileei ohartarazi die ez duela helegitea bertan behera utziko

Grebari eusteak «ondorio atzeraezinak» izan ditzakeela ziurtatu du, eta abuztuan bertan beharrera itzultzea eskaini die langileei

Tubacexeko langileak, kaleratzeen epaiketa izan zenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 3a
18:12
Entzun

Askatzeko zaila dirudien korapilo batean sartuta dago Tubacexen gatazka. Arabako hodigilearen zuzendaritzak sindikatuei ohartarazi die «inolaz ere ez» duela kenduko 129 langileren kaleratzeak debekatzen zituen epaiaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegitea. Langile batzordeak ziurtatu du baldintza hori betetzen ez duen bitartean greba mugagabeak jarraitu egingo duela.

Tubacexeko gatazkak konpontzeko bidean zirudien joan den astean. Uztailaren 26an, astelehenean, bilera luze bat egin zuten enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek, kalean geratutakoak lanera itzultzeko baldintzak negoziatzeko. Baina azken egunotan berriro hoztu da giroa. Sindikatuek ez dute negoziatu nahi aurrerago epaileek ezerezean utz dezaketen akordio bat, eta zuzendaritzak ez du alde batera utzi nahi negoziazioetan indarra ematen dion tresna bat.

«Ez diogu uko egingo babes juridiko eraginkor bati», dio zuzendaritzak langileei bidalitako gutunean. Tubacexeko buruek «langile batzordearen zati bati» soilik egotzi diote helegitea erretiratzeko baldintza jarri izana, eta horrela sakondu egin nahi dute sindikatuen artean sortu den arrakala.

Amurrioko eta Laudioko langileen artean, ELAk du ordezkaritza gehien (lau kide langile batzordean), eta hark eta LABek (kide bat) otsailean hasitako grebari eustea defendatu dute batzordean. Azken bozketan abstentziora jo zuen STATek (lau kide), eta greba eteteko eskatu du CCOOk (hiru).

Tubacexeko zuzendaritzari «zentzugabea» iruditu zaio «blokeo egoera», eta ohartarazi du «guztientzat ondorio atzeraezinak» izan ditzakeela. Sei hilabeteko greba Laudioko eta Amurrioko lantegien geroa arriskuan jartzen ari dela ziurtatu du. «Egoera dramatikoa da guztientzat: langileentzat, haien familientzat, eta baita enpresarentzat ere».

«Lan egiteko eskubidea» aldarrikatu du Tubacexeko zuzendaritzak, eta, langile batzordeak dioena gorabehera, beharrera itzultzeko eskatu die langileei. «Lan egiteko interesa dutenentzat, abuztuan ahalik eta jarduera gehienari eutsiko diogu, hartara errazagoa izan dadin abuztuaren 30eko astean gaitasun guztiarekin lan egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.