Memoria historikoa

Lore eskaintza egin dute Irunen, tropa frankistek Pikoketan fusilatu zituztenen omenez

Guztira hamahiru pertsona fusilatu zituzten 1936an, horietatik bederatzi, gazteak. Udal panteoian utzi dituzte loreak, haien gorpuzkiak dauden lekuan.

Fusilatuen omenez egin duten lore eskaintza. @PODEMOSIRUN
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 11
17:54
Entzun

1936ko abuztuaren 11n, duela 85 urte, tropa frankistek hamahiru pertsona hil zituzten Pikoketan (Oiartzun, Gipuzkoa). Fusilatuen omenezko lore eskaintza egin dute gaur Irungo Blaia hilerrian, eta udal panteoian utzi dituzte loreak, gorpuzkiak dauden lekuan. Ekitaldian Jose Antonio Santano Irungo alkateak, Santi Jimenez Memoria Historikoaren ordezkariak eta PSE, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza/IU, EAJ eta EH Bildu alderdietako ordezkariek hartu dute parte.

Udalak gogora ekarri du egun hartan gertatutakoa: Irungo Gazteria Komunistako kide batzuk, zenbait karabinerorekin batera, Pikoketako baserriaren inguruan zebiltzan, arma laburrekin eta metrailadore batekin, eta «baserriaren barruan babestu» ziren, «ihes egiteko ia aukerarik gabe». Bik bakarrik lortu zuten ihes egitea: Patxi Arozenak eta Alejandro Colinak.

Baserrian babestu zirenak errendarazi eta denei armak lurrean utzarazi ondoren, tropa frankistek fusilatu egin zituzten. Mertxe Lopez Cotarelo (16 urte), Pilar Valles Bikuña (18 urte), Jose Maria Arruti Idiakez (18 urte), Victor Genua Montiano (25 urte), Jesus Lopez Casado (26 urte), Agapito Dominguez Taguada (23 urte), Bernardo Usabiaga Jauregi (17 urte), Manuel Justo Alberdi (22 urte), Miguel Jacinto Lopez (49 urte), Vicente Argote (46 urte), Agustin Miguel Bermejo (39 urte), Felix Luz Etxeberria (27 urte), eta Angel Braña Lopez izan ziren hamahiru fusilatuak.

Irungo Udalak azaldu duenez, 1976an hasi ziren Pikoketan fusilatutakoen gorpuzkiak berreskuratzen, Marcelo Usabiagaren laguntzarekin; Bernardo Usabiaga fusilatuaren anaia zen Marcelo, eta miliziano komunista izan zen 36ko gerran. 1978ko uztailaren 28an atera zituzten gorpuzkiak hobitik, eta abuztuaren 2an eraman zituzten Irungo hilerrira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.