Zeelanda Berrian konfinamendua ezarri dute, herritar batek positibo eman duelako

Asteartetik asteazkenerako gauerdian sartuko dira neurriak indarrean, hiru egunez. Aucklanden eta Koromandelen konfinamendua gutxienez zazpi egunekoa izango da. Herrialdean sei hilabetean izan duten lehenengo kasu komunitarioa da.

Jacinda Ardern. BIANCA DE MARCHI / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 17a
11:24
Entzun

Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak gaur jakinarazi duenez, hiru eguneko konfinamendua ezarriko dute herrialde osoan, Auckland hiriko biztanle batek positibo eman duelako COVID-19an. Sei hilabetean duten lehenengo kasu komunitarioa da; azkena otsail amaieran izan zen, eta, ordutik, positibo guztiak herrialdera iritsi direnenak izan dira.

Neurri berrien arabera, zeelandaberritarrak beren etxean gelditu beharko dira asteartetik asteazkenerako gauerditik aurrera, hiru egunez, eta oinarrizko jardueretarako bakarrik atera ahalko dira. Aucklanden eta Koromandelen, berriz, neurriak gutxienez zazpi egunez egongo dira indarrean. Gobernuak, gainera, agindu du txertaketa kanpaina bi egunez bertan behera uzteko. Egun, zeelandaberritarren %40ak txertoaren dosi bat du, gutxienez, eta %20 soilik dago guztiz txertatuta.

«COVID-19aren gauzarik okerrenetako bat sortzen duen ziurgabetasuna da, baina badakigu estrategia horrek funtzionatzen duela. Eutsi besterik ez dugu egin behar», adierazi du lehen ministroak. Gaineratu du «beste herrialde batzuetan beranduegi jardutearen ondorioak» ikusi dituztela. Konfinamendua da orain arte erabili duten neurria, eta, Ardernen arabera, «funtzionatzen» du. Izan ere, pandemia hasi zenetik, Zeelanda Berrian guztira 2.570 kasu positibo atzeman dituzte, eta 26 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.