Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak gaur jakinarazi duenez, hiru eguneko konfinamendua ezarriko dute herrialde osoan, Auckland hiriko biztanle batek positibo eman duelako COVID-19an. Sei hilabetean duten lehenengo kasu komunitarioa da; azkena otsail amaieran izan zen, eta, ordutik, positibo guztiak herrialdera iritsi direnenak izan dira.
Neurri berrien arabera, zeelandaberritarrak beren etxean gelditu beharko dira asteartetik asteazkenerako gauerditik aurrera, hiru egunez, eta oinarrizko jardueretarako bakarrik atera ahalko dira. Aucklanden eta Koromandelen, berriz, neurriak gutxienez zazpi egunez egongo dira indarrean. Gobernuak, gainera, agindu du txertaketa kanpaina bi egunez bertan behera uzteko. Egun, zeelandaberritarren %40ak txertoaren dosi bat du, gutxienez, eta %20 soilik dago guztiz txertatuta.
âš ï¸Â COVID-19 UPDATE âš ï¸ÂÂÂÂÂ
— New Zealand Labour (@nzlabour) August 17, 2021
From 11:59pm tonight, all of New Zealand will move to Alert Level 4 to stop the spread of COVID-19 in our communities. This will initially be for a period of 7 days for the Auckland and Coromandel regions, and at least 3 days for rest of the country. pic.twitter.com/RhhRYX0cmx
«COVID-19aren gauzarik okerrenetako bat sortzen duen ziurgabetasuna da, baina badakigu estrategia horrek funtzionatzen duela. Eutsi besterik ez dugu egin behar», adierazi du lehen ministroak. Gaineratu du «beste herrialde batzuetan beranduegi jardutearen ondorioak» ikusi dituztela. Konfinamendua da orain arte erabili duten neurria, eta, Ardernen arabera, «funtzionatzen» du. Izan ere, pandemia hasi zenetik, Zeelanda Berrian guztira 2.570 kasu positibo atzeman dituzte, eta 26 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.