Arreta psikiatrikoa jaso duten nerabeen kopurua %50 handitu da pandemian

Gazteak eta pandemia. Adituen begiradak izeneko ikerketaren aurrerapena aurkeztu du Gazteen Euskal Behatokiak.

Ikasle batzuk Bilbon, seletibitate frogan. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2021eko abuztuaren 24a
17:24
Entzun

COVID-19aren izurria eragin nabarmena izaten ari da haur eta nerabeen artean; Basurtuko Unibertsitate Ospitalean haurrak eta gazteak ospitaleratzeko unitatean, arreta psikiatrikoa jaso duten nerabeen kopurua ia % 50 handitu da, 2019ko eta 2021eko lehen bost hilabeteak erreferentziatzat hartuta.

Arantza Fernandez Rivas erietxeko Haur eta Gazteen Psikiatria Ataleko buruak eta Miguel Angel Gonzalez Torres Psikiatria Zerbitzuko buruak eman dute datuaren berri, Gazteak eta pandemia. Adituen begiradak izeneko ikerketan. Txostenaren aurrerapen bat Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Gazteen Euskal Behatokiak aurkeztu dute gaur; 145 orrialdeko lan bat da, eta artikulu ugari jaso dituzte bertan; tartean, Gonzalez Torresek eta Fernandez Rivasek idatzitakoa.

Bi adituen arabera, pandemia garaian «asko gehitu da larrialdiko arreta psikiatrikoa jasotzeko ospitaleratzen diren nerabeen kopurua». Elikadura nahasmenduetan jarri dute arreta, argudiatuta horixe izan dela pandemia hasi zenetik izandako «lehen gertaera klinikoa». Azaldu dutenez, 2020ko martxoan hasi zen hazkundea, eta elikadura nahasmenduei lotutako arreta kopurua «pandemia uhinen arabera» joan da aldatuz. «2021. urtean ere egoera larria da oraindik. Gehikuntza hau Mendebalde osoan gertatu da. Hala, pandemia kolateral bilakatu da argi eta garbi», ondorioztatu dutenez.

Bizkaiko datuak deigarriak dira, txostenean jaso dutenez: 2020an aurreko urtean baino %153,33 gehiago izan dira anorexia nerbiosoaren ondorioz arreta psikiatrikoa jasotzeko ospitaleratu behar izan diren nerabeak. Gainera, ohartarazi dute paziente horien egoera oso txarra izaten ari dela: «Desnutrizio larria izaten dute, eta luzaroan egon behar izaten dute arreta psikiatrikoan. Horren ondorioz, gainezka daude nerabeen ospitaleratze psikiatrikorako unitateak».

Halaber, nabarmendu dute nerabe gehiago doazela arreta psikiatrikoa jasotzera trauma osteko antsietate sintomak larrituta: 2020an aurreko urtean baino %100 kasu gehiago egon dira. Bestalde, neskak izan dira azken urtean arreta psikiatrikoa jasotzeko ospitaleratu behar izan diren nerabe gehienak. Izan ere, bi adituek laburbildu dutenez, «anorexia nerbiosoa sarriago agertzen da nesken artean, trauma osteko sintomak dituzten neskak mutilak baino gehiago dira, eta neska gehiago ospitaleratzen dira».

Horiek horrela, bi adituek ondorioztatu dute egungo egoera «oso arriskutsua» dela haurren eta gazteen adimen osasunerako, eta beharrezkoa dela «ahalik eta arreta psikologiko eta psikiatrikorik onena eta intentsiboena» ematea, bi helburu lortzeko: «Ahal bezain azkar eta ondo suspertzeko» eta «adingabeen adimen osasunean ondoriorik eta mugarik ez izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.