Hizkuntza gutxituak

Peruko Gobernuko presidenteak kitxuaz eta aimaraz hitz egin du parlamentuan, eta oposizioak protesta egin du

Guido Bellidok argudiatu du Peruko Konstituzioaren 48. artikuluak dioela kitxua hizkuntza ofiziala dela.

jon ordonez garmendia
2021eko abuztuaren 26a
20:45
Entzun

Guido Bellido Peruko Ministro Kontseiluko presidenteak ostegunean parlamentuan egin duen hitzaldiak hautsak harrotu ditu Pedro Castillo Peruko presidentearen oposizioan. Ministro Kontseiluarentzat babesa eskatzeko hartu du hitza Bellidok, baina ez du gazteleraz egin, kitxuaz eta aimaraz baizik. Hasieran, denek entzun dituzte haren hitzak, baina, minutu eta erdi pasatu ondoren, oposizioko kideak protestan hasi dira (ikusi bideoa).

Maria del Carmen Alva parlamentuko presidenteak eten egin du hitzaldia: "Premier, zuk esan duzu itzuli egingo zenuela. Mahaiarekin adostuta zegoen itzuliko zenuela. Eskertuko nizueke lehenbailehen egitea itzulpena. Zure azalpena ez dadila hain luzea izan kitxuaz, mesedez, besteok ez dugu-eta ulertzen". Bellidok erantzun dio konstituzioaren arabera kitxua hizkuntza ofiziala dela. "Barkatu, premier: guztiok eskertuko genuke, nik ere ez baitut ulertzen, aurrerantzean gazteleraz hitz egitea, mesedez, Mahaiarekin adostu bezala".

Behin gazteleraz, Bellidok azaldu du zergatik hitz egin duen kitxuaz eta aimaraz. Esan du gazteleraz hitz egiten denean bazterrean uzten dituztela hizkuntza hori ez dakiten eta soilik kitxuaz egiten dutenak: "Honek erakusten du gure herrialdeak ez duela ulertu badaudela sustrai luzeak dituzten herriak, euren kultura dutenak, euren hizkuntzak". Bere gobernuarentzat babesa eskatuz, esan du Perun tolerantzia, ahaidetasuna eta bakea bilatuko dituen gobernu bat behar dela.

"Eskuina, amorratzen, [gobernuko] presidenteak bere hitzaldia kitxuaz eman duelako. Arrazistak dira, eta hori ere hizkuntza ofiziala dela ahazten dute", argitaratu du Twitterren Guillermo Bermejo parlamentariak.

Guido Bellido Ugarte Livitaca herrian jaio zen, Cusco departamentuan, eta Peru Aske ezkerreko alderdiarekin aurkeztu zen hauteskundeetara. Castillok ekainean hauteskundeak irabazi ostean, gobernua osatzeko ardura eman zion, eta Ministro Kontseiluko presidente izendatu zuen uztailaren 29an. Gobernua aukeratuta, parlamentuan harentzat babesa eskatzera joan denean mintzatu da kitxuaz eta aimaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.