espetxe eredua

Espetxe eskumenarekin «aurreikuspen faltaz» jokatzea egotzi dio UGTk Jaurlaritzari

Elkarretaratzera deitu du ELAk biharko, espetxe sistema «demokratiko eta gizatiarrago» baten alde.

Zaballako espetxea (Iruña Oka, Araba). JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko irailaren 7a
17:13
Entzun

Eusko Jaurlaritzak urriaren 1etik aurrera eskuratuko du espetxe eskumena, eta neurri berriek 700 bat langileri eragingo diete. Horren aurrean, espetxeetako langileen artean nagusi den Acaip-UGT sindikatuak bere ikuspegia azaltzeko prentsaurreko bat eman du gaur. Jose Ramon Lopez Acaip-UGT sindikatuko presidentearen arabera, neurrietan «aurreikuspen falta handia» egoteaz gain, espetxeetako beharren inguruan «ezjakintasun handia» dago. Horregatik, «hutsetik hasi eta egitura berri bat sortu» behar dela uste du.

Transferentziaren alde agertu da Lopez, baina nabarmendu du sindikatuen akordiorik gabe egitea «akats larria» izango litzatekeela, eta gaineratu du transferentzia langileentzako «baldintza onenetan» egin behar dela. Lopezen arabera, Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituen lan baldintzek «ez dituzte betetzen» langile publikoen zenbait eskubide, besteak beste, ordainsariekin, osagarriekin, ordutegiekin edota baimenekin zerikusia dutenak.

Lopezek azaldu duenez, irtenbidea «egitura eta lanpostu zerrenda berri bat sortzea» da, baina «oso prozesu luzea» da hori, eta ordura arte Eusko Jaurlaritzak lan poltsa bat sortzearen alde agertu da.

ELAren arabera, ordea, Euskal Herriko espetxe ereduak «publikoa, modernoagoa eta gizatiarragoa» izateaz gain, «presoen eskubide guztiak errespetetatu» eta «langileen lan baldintza duinak bermatu» beharko ditu. Baina sindikatuaren arabera, eskumenaren transferentzia negoziazioak «ez doaz norabide horretan»: «Orain arteko ildoari eutsi nahi diote mahaiko kideek, eta kudeaketa ardurak esku aldatze soil gisa irudikatu». ELAk gaineratu du ez dagoela prest hori onartzeko.

Horregatik, elkarretaratzera deitu du ELAk biharko, Espetxe sistema demokratiko eta gizatiarragoaren alde. Lan baldintza duinak lelopean. 11:00etatik 12:00etara izango da, Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen. ELAko ordezkariek adirazpenak egingo dituzte 11:15ean, sindikatuaren ikuspegia azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.