Herriko etxeak diru-laguntza eskaerak frantsesez egitera behartzen dituela salatu dute Hendaiako eragileek

Gutun bat bidali diote Kotte Ezenarro auzapezari, eta elkarretaratzea eginen dute gaur arratsean, herriko etxe aitzinean

Hendaiako herriko kontseilua joan den martxoan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 8a
10:00
Entzun

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren udal garapenean proiektu pilotu izateko hitzarmena izenpetu zuen Hendaiako (Lapurdi) Herriko Etxeak joan den apirilean, baina hendaiarren hizkuntza eskubideak errespetatuak izateko bidea falta da oraindik. Joan den uztailaren 31n iragan zen herriko kontseiluan diru-laguntza eskaerak frantsesez egiteko derrigortasuna ezarri zutela salatu dute Hendaiako hainbat eragilek. Gutun bat bidali diote Kotte Ezenarro auzapezari beren kexa adierazteko, eta elkarretaratzera deitu dute gaur arratsean, 18:00etan, herriko etxe aitzinean.

Gutuna izenpetu dutenen hitzetan, Hendaiako Herriko Etxeak erabaki honekin euskaldunak «diskriminatzen» ditu, eta euskararen erabilpenean «atzerako urrats bat» da. «Badira urte anitz elkarte desberdinek euskara hutsean egin izan dituztela diru-laguntza eskariak, inongo arazorik gabe, izan den gehiengoa izan dela». Ohartarazi dute diru laguntzen eskaerak egiteko formularioa ele bitan dela, eta, beraz, ez duela lan gehigarririk eskatzen.

«Ez dugu ulertzen irizpide aldaketa hau, zergatik orain arte onartua izan dena bat-batean ez den onartua, gutxiago herriko etxeak, hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa sinatu duenean, protokoloa lantzen ari denean eta oraindik bururatu gabe dagoenean», adierazi dute. «Arazoa ulermena bada, herriko etxeak euskara zerbitzu bat du langileekin; frantseserako itzulpenak langile hauek egin ditzaketela irizten diogu, ez dira testu luzeak».

BERRIAren galderei erantzunez, Ezenarrok gezurtatu egin du «inolako aldaketarik» egin izana. «Ez da egia orain arte euskara hutsean egiten zirenik eskaerak, beti egin dira bi hizkuntzetan», adierazi du. «Harritua» agertu da polemikarekin. «Badirudi zerbait aldatu dela, baina ez da ezer aldatu; badu 30 urte elebitasuna lantzen dugula Hendaiako Herriko Etxean». Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren izenpetzeari buruz galdetuta, Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktoreak egindako azterketa aipatu du: «Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluak dokumentu ofizialak frantsesez ere izatera behartzen gaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.