Protokoloan proiektu pilotu izanen dira Hendaia, Uharte eta Arrigorriaga

Euskalgintzaren Kontseiluarekin hitzarmena izenpetu dute hiru herriko etxeek Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren udal garapena aitzina eramateko

Herriko etxeetako eta Kontseiluko ordezkariak, atzo, Hendaiako herriko etxean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Hendaia
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren udal garapenean proiektu pilotu izateko hitzarmena izenpetu dute Hendaia (Lapurdi), Arrigorriaga (Bizkaia) eta Uharteko (Nafarroa) herriko etxeek Euskalgintzaren Kontseiluarekin. Diagnostiko bat eginen dute herri bakoitzean, eta hizkuntza politikarako lerro nagusiak definituko dituzte. Euskal Herriko hiru administrazioetan proiektuaren baliagarritasuna aztertzeaz gain, etorkizunari begira proiektua beste herriko etxeetan aplikatu ahal izateko irizpideak zehaztea da asmoa.

2016an aurkeztu zuen Kontseiluak Protokoloa, Europako 30 hizkuntza komunitate baino gehiagoko 120 gizarte eragileren babesarekin. Azken urteetan, tokiko administrazioei egokitutako dokumentua landu du, eremu administratibo bakoitzeko legediari egokituta. Ipar Euskal Herrian herriko bozen kanpainarekin batera aurkeztu zuten, eta hainbat zerrendak hartu zuen hura betetzeko engaiamendua; horietarik 21 boterean dira. Hendaia izanen da engaiamendua betetzen lehena. «Badira 20 urte baino gehiago euskararen aldeko hizkuntza politika lantzen dugula», ohartarazi du Kotte Ezenarro auzapezak, Ipar Euskal Herriko lehen hizkuntza teknikaria haien herrian izan zela azpimarratuta. «Gure hizkuntza politikarako hausnarketa aberastuko dugu».

Orain dela 31 urte sortu zuten euskara zerbitzua Uharteko Udalean, eta urtez urte euskaldunen kopurua emendatzen ari da. Edorta Beltzunegi alkateordearen hitzetan, «zalantzarik gabe» jo zuten parte hartzera, ikusteko herritarren hizkuntza eskubideen bermeari begira «udala zenbateraino dagoen prest», eta zein neurri har ditzaketen ebaluatzeko. Uharte Nafarroako legeak ezarritako eremu mistoan kokatzen dela nabarmendu du Kontseiluak, eta horrek beste ikuspegi bat izatea ahalbidetuko diela.

Bilbaok erran du Arrigorriaga, berriz, «euskarak juridikoki aldekotasuna duen lurraldean» dela, eta aukera izanen dela halako udal batean «zer falta den eta zer dagoen egiteko definitzeko». Maite Ibarra alkateak erran du «bateragarria» dela eraman nahi duten lan dinamikarekin, eta herriko euskalgintzarekin bide berriak urratzeko aukera ere aipatu du. «Eragile ezberdinen arteko elkarlanak emaitza oparoak eskainiko dizkigu».

Hiru errealitate

Bi fasetan igaroko da Kontseilua eta herriko etxeen arteko proiektua. Lehenik diagnostiko bat osatuko dute, hautetsien, teknikarien eta herriko euskalgintzako eragileen parte hartzearekin; ondoren, dokumentu hori oinarri hartuta, hizkuntza politikarako lerro nagusiak definituko dituzte.

Hiru herriko etxeak eskertu ditu Paul Bilbaok, eta hitzarmena Hendaian izenpetzearen garrantzia azpimarratu du. «Ipar Euskal Herrian euskarak duen aitortza juridiko falta ez da oztopo borondatea egonez gero urratsak egiteko». Herriko etxeetan egiten ari diren «lan handia» azpimarratu du.

Gaur egun Euskal Herria zatitzen duten hiru eremu administratiboetako herriko etxeak izanen dira Protokoloaren gauzapenean proiektu pilotu. «Oso esanguratsua» iruditzen zaiela adierazi du Bilbaok, errealitate juridiko-administratiboak desberdinak direlako. «Kontseiluak mahai gainean tresna bat jarri du, gure ustez lagungarria izan daitekeena etorkizuneko hizkuntza politiketan urrats ausartak egiteko. Orain, hori garatzea dagokigu, eta ikusiko dugu zer emaitza ekarriko duen. Baina zinez uste dugu herriko etxe eta udaletan hizkuntza eskubideak ardatz izango dituzten politiketan laguntzeko gidalerro bat ekar dezakeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.