EH Bilduk uste du unea dela estatus berria «fase erabakigarrian» sartzeko

Maddalen Iriartek dio «oso kezkagarria» dela estatus politikoari buruzko eztabaida Jaurlaritzaren agendan ez egotea. EAJren ustez, berriz, EH Bilduk «bertigoa» dio jeltzaleekin akordioak lortzeari.

EH Bildu taldearen bilera gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 9a
13:33
Entzun

Urte politiko berriari so, lehentasunak finkatzen hasiak dira Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdiak. EH Bildu legebiltzar taldeak bilera egin du gaur goizean erronkak aztertzeko, eta batzarraren berri eman du gero Maddalen Iriarte bozeramaileak. Azaldu duenez, aro pandemikoaren kudeaketa izango da koalizioaren lehentasunetako bat. «Pandemia kudeatzeko eredua aldatu behar dugu. Neurri murriztaileen lekuan neurri prebentiboak indartu behar dira, herritarrak ahaldundu, eta batez ere, egiturazko aldaketak egiteari ekin behar diogu». 
Koalizioko bozeramailearen iritziz, pandemiak agerian utzi du tresna propioak behar direla herritarren ongizatea hobetzeko eta aurrera begirako erronkei heltzeko. Haatik, gaur egungo autogobernua ez dela nahikoa ohartarazi du Iriartek, eta estatu politiko berri bat beharrezkoa dela gaineratu: «Beharrezko ditugun erabakiak ezin ditugu hartu, gure autogobernua plastilinazkoa delako eta Madrilek nahi bezala txikiagotzen duelako». EH Bilduko eledunak iritzi dio «tresnak»  behar direla euskal herritarren ongizatea hobetzeko, eta horiek estatus politiko berri baten bidez lortuko direla. «Gai honetan fase erabakigarri batean sartzeko une iritsi da. Jada ez dago aitzakiarik eta guztiok argi mintzatu behar diogu gizarteari». Iriarteren aburuz, «oso kezkagarria» da estatus politikoari buruzko eztabaida Jaurlaritzaren agendan ez egotea; gainera, PSE-EEri «betoa» ezartzea leporatu dio.

Estatus politikoa ez ezik, bestelako lehentasunak ere ezarri ditu EH Bilduk datozen hilabeteetarako: hala nola, klima aldaketa eta trantsizio energetikoa, eredu produktiboaren eraldaketa, eta suspertze ekonomikoa kalitatezko enpleguan oinarritzea.

EAJren lehentasunak
Bestetik, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea buru izan dira EAJren talde parlamentarioak goizean izan duen bileran; datozen hilabeteetako erronkak zeintzuk izango diren zehaztu dituzte bertan. Hiru lehentasun finkatu dituzte: eredu publikoa indartzea, ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua bultzatzea. Joseba Egibar bozeramailearen ustez, unea iritsi da «herria eta herritarrak aurrera ateratzeko», garapen ekonomikoa, justizia soziala eta subiranotasun politikoa oinarri hartuta. Hori esanda, Egibarrek EH Bilduri «erantzukizunik eza» aurpegiratu dio akordioak lortzeari ihes egiten diolako: «EH Bilduri benetako bertigo politikoa eragiten dio pentsatzeak gurekin akordio sozio-ekonomikoak edo aurrekontuekin lotutakoak lor ditzakeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.