Bertsolaritza

Nafarroako Bertsolari Txapelketa urriaren 2tik azaroaren 28ra egingo dute

Izaban abiatuko da, eta beste zazpi herritatik igarota, Iruñeko Anaitasunan bukatuko da. 24 bertsolarik parte hartuko dute. «Plaza biziberritzea» izango da helburu nagusietako bat.

Gaur Iruñean egindako barne mailako aurkezpenaren irudi bat. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Ane Eslava.
2021eko irailaren 10a
16:31
Entzun

«Bultzada eta aldarri»; hori izan nahi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak: plazak berriz indartzeko bultzada, eta bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren aldeko aldarria. Asmo horiekin ekingo diote 45. txapelketari. Urtarrilean hastekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zuten, udazkenera. Eta oraingoan, bai, egingo dute: urriaren 2an abiatuko da, Izaban (zineman), eta azaroaren 28an bukatuko da, Iruñean. Bitartean, «Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak» zeharkatuko ditu, «euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroan». Gaur eman ditu xehetasunak Nafarroako Bertsozale Elkarteak, ohar bidez.

29 bertsolarik eman zuten izena txapelketan, eta aurre-kanporaketak igarota, 24 sailkatu dira urriaren 2an abiatuko den ibilbidean parte hartzeko. Bertsolariak zortzi saiotan arituko dira, beste hainbeste herritan; Izaban ez ezik, Tafallan (urriaren 9an, kultur etxean), Zangozan (urriaren 10ean, Karmengo entzunaretoan), Donezteben (urriaren 16an, zineman), Altsasun (azaroaren 1ean, Iortia kultur gunean), Berriozaren (arazoaren 6an, entzunaretoan) eta Leitzan (azaroaren 14an, herriko aretoan). Egitasmoa lurralde osora zabaltzeko apustuari jarraituz, bi herrik lehen aldiz hartuko dute txapelketaren saio bat: Izabak eta Zangozak.

Saio horietan sailkatutako zortzi bertsolariak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian elkartuko dira, azaroaren 28an. Horien artean izendatuko dute aurtengo Nafarroako txapelduna, eta, harekin batera, Bertsolari Txapelketa Nagusian arituko diren Nafarroako beste lau ordezkariak hautatuko dituzte.

Parte hartzaileen artean «aniztasuna» egongo dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, parte hartzaile berriak izango dira —Aitor Irastortza, Idoia Granizo, Ekhiñe Zapiain, Urko Gartzia eta Ekain Alegre—; baina baita eskarmentua dutenak ere, eta horien artean txapelketetan parte hartu izan duten baina hura utzia zuten hiru bertsolari izango dira: Xabier Silveira, Erika Lagoma eta Oier Lakuntza. Egungo txapeldunak ere parte hartuko du, Julio Sotok.

Zaletasuna sustatzea

Txapelketaren ohiko helburuei aurten erantsi zaio osasun krisiak eragindako egoerari erantzutekoa. Izan ere, jakina da izurriak moteldu egin duela bertso plaza, eta agerian utzi kulturgintzaren hauskortasuna. Hori dela eta, Nafarroako Bertsozale Elkarteak are garrantzitsuagoa ikusten du aurten egitasmoa. Plaza biziberritzeko bere alea jartzea ere izango du xede txapelketak, eta, horrekin batera, gainerako antolatzaileak gauza bera egitera bultzatzea.

Horrez gain, urtero bezala, txapelketak bertsolaritza sustatu nahi du zaletasuna dagoen tokietan, eta zaletasuna handia ez den tokietan, berriz, bertsolaritza eta Nafarroako bertsolariak ezagutarazi. Aldi berean, bertsolariei goi mailako plazak eskaini nahi dizkie, haiei protagonismoa emanez; izan ere, elkartetik nabarmendu duten moduan, herrialdean antolatzen dituzten saio askotan ez da nafar bertsolaririk egoten. Topagunea izateko asmoa ere izango du: bertsolaritzaren alde lanean ari diren guztiak elkartzeko gunea; «nafar bertsolaritzaren ekosistema elikatu eta saretzekoa».

Txapelketa osasun neurrietara egokituta egingo dute: aretoetan jende kopuru mugatua sartuko da, ikus-entzuleek maskara jantzita izango dute, eta distantziak mantenduko dira, besteak beste. Elkarteak nabarmendu du Nafarroako Bertsolari Txapelketa ekitaldi garrantzitsua bilakatu dela herrialdeko euskal kulturarentzat; emaitza hori, baina, ez da bat-batean lortutakoa: «Urte osoan egindako lan isilaren fruitua da, eta bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena».

Parte hartzaileak

24 bertsolari, hamabi gai jartzaile eta zazpi epaile izango dira txapelketan.

Bertsolariak honakoak izango dira: Alazne Untxalo, Aitor Irastortza, Egoitz Gorosterrazu, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Idoia Granizo, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Julio Soto, Mikel Lasarte, Oier Lakuntza, Patxi Castillo, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Urko Gartzia, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira.

Gai jartzaileak, Ainhoa Aranburu, Ainhoa Iriarte, Ainhoa Larretxea, Alaitz Rekondo, Ander Aranburu,Fernando Anbustegi, Kizkitza Mujika, Maialen Belarra, Miel Mari Elosegi Luze, Miren Bidarte, Pablo Indurain eta Zigor Gartzia Arregi Zian.

Epaileak, berriz, Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.