Datuak

Beste 158 kasu positibo atzeman dira Hego Euskal Herrian

Ekain erdialdetik izandako kutsatu kopururik apalena izan da igandean. Ospitaleetako presioa egonkor dago oraindik ere: 292 dira erietxeraturik; ZIUetan, 77. Sagarduik nabarmendu du izurritearen bilakaera onbidean dela.

Zenbait herritar Gasteizko kale batean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 13a
13:36
Entzun

Udaren hasieran erregistratu zen azken aldiz hain kopuru apalik. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 158 COVID-19 kasu zenbatu ziren Hegoaldean, 4.446 diagnostiko proba eginda. Hala, testen %3,6 izan ziren positiboak. Ekainaren 21etik, egun bakarrean atzemandako kasu kopurua beti izan da langa horregatik goitikoa; hartan, 119 kasu zenbatu zituzten Hegoaldeko osasun sistemek.

Atzo zenbatutako positiboak lurraldeka aztertuta, Bizkaian 60 detektatu ziren; Gipuzkoan, 40; Nafarroan, 39, eta Araban 17.

Birusaren transmisioaren arintzea agerikoa izanik ere, datuek aski argi erakusten dute erietxeetan motelago ari dela leuntzea gertatzen. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 30 lagun ospitaleratu zituzten atzo gaitzak jota, eta, horiek kontuan izanik, 292 dira Hegoaldeko zentroetan sartuta. Horietako 77 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri.

«Bide onetik goaz»

Pandemiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan utzitako azken datuei so da Eusko Jaurlaritza. Izan ere, ostiralean, hilaren 17an, da elkartzekoa hiru herrialde horietan izurriteari kontra egiteko neurrienaztertzeaz arduratzen den Labi batzordea. Gaur-gaurkoz, litekeena da mugen leuntzea gertatzea. Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui gaiaz mintzatu da gaur goizean Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean, eta adierazi du datuek bistan uzten dutela bilakaera onbidean dela. Are, gogora ekarri du Jaurlaritzak mugarri bat duela, argi: «Hainbeste desiratzen dugun helburua gero eta hurbilago dago: 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 60 izatea, alegia».

Besteak beste, gainera, Sagarduik lehen arretari erreparatu beharra azpimarratu du, eta, hain zuzen, azaldu du aurrez aurreko arta pixkanaka berreskuratzeko asmo garbia dutela. Edonola ere, argitu du horrek ez duela esan nahi telefono bidezko arreta bazter utziko dutenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.