Datuak

Positiboen ehunekoa %3,1 da Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Osasunbideak beste 245 COVID-19 kasu zenbatu dituzte, 8.000 test inguru eginda. Hegoaldeko ZIUetako presioa arintze bidean da, apurka bada ere.

jarraia203146.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 14a
13:17
Entzun

Joandako hilabeteen aldean, birusa nekez ari da zabaltzen gaur egun Hegoaldean, eta, hala, maldan behera da kutsatuen kurba. Osakidetzak eta Osasunbideak 245 positibo zenbatu zituzten atzo egindako testetan. Zehazki, 7.847 proba egin ziren COVID-19a detektatzeko, eta, beraz, %3,1 izan zen positiboen ehunekoa. Asteetako goraldiaren ondotik, aldagaia berriz da OME Osasunaren Munduko Erakundeak ezarritako gehienezko muga baino apalagoa (%5).

Azken datuen arabera, egun bakarrean atzemandako kasu kopurua bosgarren egunez da 300 kasuren langatik beherakoa Hegoaldean, eta, halaber, begirada atzera zuzendu eta azken bi asteetako bilakaerari so eginez gero, batezbestekoetan ere agerikoa da transmisioaren arintzea: azken hamalau egunetan eguneko 327 positibo izan dira batezbesteko. Kopuruak deus gutxi du ikusteko orain hilabeteko datuarekin: abuztuaren 14an 1.167 zen.

Zehazki, atzo detektatutako kasuetatik, 100 Bizkaian atzeman ziren; 89 dira Gipuzkoan zenbatutakoak; 27 izan ziren Nafarroan, eta Araban, berriz, 21. Nafarroari dagokionez, gobernuak argitu du azken hiru hilabeteetako zenbatekorik apalena dela. Gainera, positiboen ehunekoan izandako beherakada aipatzekoa da: testen %1,7 izan ziren positiboak.

Ospitaleak, egonkor

Kutsatzeari buruzko datuak eman ez ezik, erietxeen egoerari buruzko informazioa ere argitaratu dute osasun agintariek. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 33 lagun ospitaleratu zituzten atzo birusak jota, eta, horiek kontuan izanda, oraintxe bertan guztira 211 pertsona dira zentroetan sartuta. ZIU zainketa intentsiboetako unitateei dagokienez, arta bertan jasotzen ari diren gaixoen kopuruak behera egin du azken egunean: 71 dira, bezperan baino sei gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.