Lehergailuak

1936ko gerrako hainbat jaurtigailu indargabetu dituzte azken egunotan

Gatikan eta Ibarrangelun (Bizkaia) eta Zigoitian (Araba) aurkitu dituzte jaurtigailuok, eta Ertzaintzak indargabetu ditu.

Arrietan (Bizkaia) topaturiko granada. ERTZAINTZA
2021eko irailaren 15a
10:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Astelehen goizean aritu zen Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea lanean Zigoitian (Araba). Han baratzean lanean ari zen herritar batek jaurtigai bat topatu zuen erdi lurperatuta. Ertzaintzako patruila batek egiaztatu zuen lehertu gabeko artilleriako jaurtigai bat zela. Eremua sokaz inguratu zuten orduan, eta artezilariek obusa hartu eta Muruako harrobietara eraman zuten. Han leherrarazi zuten, 12:00ak aldera.

Azken egunotan halako hainbat esku hartze egin behar izan dituzte. Igande goizean, mortero jaurtigai bat topatu zuten sorosleek Ibarrangelun, Lagako hondartzan (Bizkaia).

Astelehen arratsaldean 75 kalibreko jaurtigai baten gorputza aurkitu zuten Gatikan (Bizkaia). Bere garaian ez zen lehertu, nonbait. Leherrarazi zutenean ikusi zuten TNT lehergaia jaurtigaiaren gorputzaren barruan zeukala.

Arrietako Goiri auzoan, Poloniako eskuko granada bat topatu dute berriki. Leherrarazteko mekanismoak herdoilduta zeuzkan, baina bere lekuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.