Astelehen goizean aritu zen Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea lanean Zigoitian (Araba). Han baratzean lanean ari zen herritar batek jaurtigai bat topatu zuen erdi lurperatuta. Ertzaintzako patruila batek egiaztatu zuen lehertu gabeko artilleriako jaurtigai bat zela. Eremua sokaz inguratu zuten orduan, eta artezilariek obusa hartu eta Muruako harrobietara eraman zuten. Han leherrarazi zuten, 12:00ak aldera.
Azken egunotan halako hainbat esku hartze egin behar izan dituzte. Igande goizean, mortero jaurtigai bat topatu zuten sorosleek Ibarrangelun, Lagako hondartzan (Bizkaia).
Astelehen arratsaldean 75 kalibreko jaurtigai baten gorputza aurkitu zuten Gatikan (Bizkaia). Bere garaian ez zen lehertu, nonbait. Leherrarazi zutenean ikusi zuten TNT lehergaia jaurtigaiaren gorputzaren barruan zeukala.
Arrietako Goiri auzoan, Poloniako eskuko granada bat topatu dute berriki. Leherrarazteko mekanismoak herdoilduta zeuzkan, baina bere lekuan.