Energia

Zentral nuklearrak ixteko baimena behar dutela oroitarazi die Ribera ministroak argindar konpainiei

Argindarraren prezioak beste marka bat hautsi du handizkako merkatuan: bihar, batez beste, 188 euroan ordainduko da megawatt-ordua. Teresa Ribera Trantsizio Energitikorako ministroak ziurtatu du faktura elektrikoa merkatzeko neurriek ez dutela arriskuan jartzen konpainia elektrikoen errentagarritasuna.

Erreaktore nuklear bat, Vandellos herrian. JAUME SELLART / EFE
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 15a
11:17
Entzun

Espainiako Gobernuaren eta argindar konpainien arteko giroa gaiztotu egin da, gobernuak haien irabaziak 2.600 milioi gutxitu eta herritarren faktura hein horretan arintzeko neurriak iragarri ondoren. Berehala erantzun zuten argindar konpainia handiek, Foro Nuclear lobbyaren bitartez, iragarriz zentral atomikoak dagokien baino goizago itxiko dituztela gobernuaren asmoek aurrera egiten badute.

Zentral nuklear bat itzaltzea ez da, ordea, hain erraza. TVEri eskainitako elkarrizketan, Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikorako ministroak oroitarazi die zentral horien jabeek ez dutela eskumenik halako erabaki bat hartzeko eta gauzatzeko. Izan ere, administrazioaren baimena behar dute horretarako, eta Red Electrica argindar sarearen kudeatzaileak hori gertatzea oztopa dezake, informatuz gero zentral bat ixteak hornikuntzan arazoak sor ditzakeela.

Baimen hori gabe ere, argindar konpainiek badute beste aukera bat erreaktoreak itzaltzeko: segurtasun arrazoiak argudiatzea.

Gaur egun bost zentral nuklear eta zazpi erreaktore daude martxan Espainiako Erresuman: Katalunian, Vandellos II, eta Asco I eta II ; Valentzian, Cofrentes: Extremaduran, Almaraz I eta II, eta Gaztela-Mantxan, Trillo. Beste hiru erreaktore egon izan dira martxan, baina bat eraisten ari dira (Jose Cabrera, Guadalajaran), beste bat betirako itxita dago (Garoña, Burgos), eta beste bat, ixteko prozesuan (Vandellos I).

Zentral nuklear horiek Espainiako sarearen argindar ekoizpenaren %22 produzitu dute azken urtean; kopuru hori askoz handiagoa da Frantzian (%66), eta txikiagoa Alemanian (%11).

2019an, zentral horiek ixteko epeak negoziatu zituzten Espainiako Gobernuak eta argindar konpainiek. 2027an da hastekoa, Almarazko zentralarekin, eta 2035. urtean bukatu, Trillorekin.

«Beroaldian egindako erreakzioa»

Riberak «beroaldian egindako lehen erreakzio» gisa definitu du Foro Nuclearraren mehatxua, eta onartu du haien irabaziak ez direla handitu tarifa handitu den hein berean, gasaren prezioa eta CO2 isurketen eskubideak ere asko garestitu zaizkielako. Baina ministroak aldarrikatu du gobernuak indarrean jarri nahi dituen neurriek ez dutela auzitan jarriko konpainia horien errentagarritasuna. Defendatu egin du gobernuaren esku hartzea, «udazken zaila» datorrelako, eta zerbait egin behar zelako argindarraren handizkako prezioaren igoera itzelak «hainbesteko intentsitatea ez izateko etxeen eta industrien poltsikoetan».

Aldi berean, Riberak aitortu du indarrean jarriko diren neurriak agian ez direla izango gai Pedro Sanchez gobernuburuak egindako promesa betetzeko, hots, argindarraren batez besteko fakturak prezio bera izango duela 2021ean eta 2018an (azken garestitze handia orduan gertatu zen). Francisco Valverde adituak egindako kalkuluen arabera, 2018an 784 eurokoa izan zen familien baten batez besteko faktura, eta 836 eurokoa izango da aurten.

Marka berriak egunero

Madrilen asmoa are gehiago zailduko da handizkako merkatuan prezioaren gorakada eteten ez bada. Oraingoz, ez du itxurarik. Hainbat egunez 150 euroren bueltan egon ondoren, gaur, batez beste, 172 euroan ordainduko da megawatt-ordua. Are garestiagoa izango da bihar, goizeko enkantean 188 euroren prezioa irten baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.