Energia. Argindarraren garestitzea

Zentral nuklearrak ixteko mehatxuarekin erantzun dute argindar konpainiek

Espainiako Gobernuak 2.600 milioi euro txikitu nahi die irabazia, zentral hidroelektrikoen eta nuklearren gehiegizko irabaziak murriztuta. Argindarraren zerga gutxituko du

Argindar sarearen irudi bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Eskuetatik ihes egin zion eta krisi politiko bat sortzen ari zitzaion arazo bati heltzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Argindarraren garestitzea luzerako doala ikusita eta hurrengo hilabeteotan areagotuko dela jakinda, zenbait neurri hartuko dituela iragarri du, herritarren faktura arintzeko eta argindar konpainien patrikak ez hainbeste betetzeko. Herritarrek eta enpresek berehala antzemango duten neurri bat izango da argindarraren gaineko zerga %5,11etik %0,5era jaitsiko dela. Pisu handia izango duen beste erabaki bat izango da zentral nuklearrek eta hidroelektrikoek jasotzen duten gainsariaren zati bat itzuli beharko dutela argindar konpainiek.

Neurri horien bidez, behin-behinean argindar konpainiek 2.600 milioi euro gutxiago jasoko dituztela kalkulatu du Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikorako ministroak. Argindar konpainiek ez dute denbora asko behar izan gobernuak botatako erronkari erantzuteko. Foro Nuklearrean bildutakoek -Iberdrolak eta Endesak- ohartarazi dute zentral nuklearrak itxi beharko dituztela baldin eta neurriak indarrean jartzen badira, haien esanetan, gaur egungo sariak txikituz gero ez delako errentagarria izango zentral horiek mantentzea. Foro Nuklearrak ziurtatu du jakin izan balute etekina txikitubeharko zietela ez luketela baimenak berritzea eskatuko.

Argindar konpainiek jasoko ez dutena aurreztuko dute herritarrek eta enpresa txikiek, dendariek eta ostalariek. Gobernuak esan duenez, batez beste %22 merkatuko zaie hileroko faktura; BEZaren jaitsiera batuz gero, jaitsiera %30ekoa izango dela dio gobernuak. Horrela bete nahi du Pedro Sanchez gobernuburuaren promesa sonatua: 2021ean, batez beste, 2018an bezainbeste ordaintzea argindarraren truke. Halakorik ez da posible izango baldin eta orain neurriak hartzen ez baditu. Argindarrak inoizko preziorik handiena izan du udaz geroztik handizkako merkatuan. Azken astean askotan gainditu du 150 euroko prezioa megawatt-orduak, eta, gaur, beste koska bat egingo du gora, batez beste 173 euroan ordainduko da eta.

Honakoak dira neurri garrantzitsuenak:

Zergak jaitsi

Ekainean argindarraren gaineko BEZa %21etik %10era jaitsi ondoren, orain beste zerga bat txikituko du: argindarraren gainekoa %5,11tik %0,5era murriztuko du urtea bukatu arte. Gehiago txikitzea debekatzen du Europako Batasunak. Gainera, argindar sorkuntzaren gaineko %7ko zergaren ordainketaz libre izango dira energia konpainiak beste urte erdiz (uztailetik ez dute ordaindu).

Gehiegizko saria eten

Argindarraren kostu handiaren arrazoietako bat da EBko merkatuak marginalistak direla, hau da, beharrak estaltzeko eskaintzen den azken energia iturriaren prezioa ordaintzen zaiela aktore guztiei eta iturri guztiei. Merkatu iberiarrean, horrek esan nahi du gasaren prezioan pagatzen direla iturri merkeagoak. Zerutik eroritako irabaziak deitzen zaien horiek txikitzeko, bi neurri hartu ditu Sanchezen gobernuak. Batetik, lege aldaketa bat tramitatzen ari da zentral nuklearrek eta hidroelektrikoek ez dezaten jaso CO2 isurketa eskubideen ondorioz gasak ordaintzen duen saria. Bestetik, atzo onartu zuenez, gasak berak duen gainkostuaren zati bat ez pagatzeko formula bat bilatuko du: zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek megawatt orduko hogei eurotik gora jasotzen duten diru guztia itzuli beharko dute konpaini a elektrikoek. Neurri hori sei hilabetez izango da indarrean, 2022ko udaberrian handizkako merkatuko prezioek behera egitea espero baitu.

Lortutako diruarekin eta CO2 isurketa eskubideen salmentak Espainiako kutxa publikoei ematen dizkien 900 milioi euroekin, tarifa elektrikoak gaur egun estaltzen dituen karguen %96 estali ahal izango dira (berriztagarrien sustapena, uharteetara argindarra eramateko kostuak, XX. mende hasierako defizita estaltzea...). Horrek ekarriko du argindarraren tarifan erdira jaitsiko direla gastu finkoak, eta, zergak ere txikituko direnez, aurrerantzean zatirik handiena argindarraren kostua izango dela (gaur egun ez da %25era iristen, PVPC merkatu arautuan).

Enkante txikiak

Argindar konpainia handiak (Iberdrola, Endesa, Naturgy eta EDP) behartuta izango dira argindar enkanteak egitera konpainia txikien eta industrien artean. Enkante horietan handizkako merkatuan baino prezio txikiagoa izan dezake argindarrak, eta, hortaz, kontsumitzaileei merkeago eskaini ahal izango zaie. Enkanteen egutegi bat izango da, eta lehenengoa aurten izango da. 2020ko eskariaren %6tik gora eskaini beharko dute konpainia elektriko handiek.

Gas tarifa arautuaren igoera arindu

Gasaren hiru tarifa arautuetan ere esku hartuko du Espainiako Gobernuak. Hiru hilean behin kalkulatzen ditu, eta orain eguneratu behar dena %40 garestituko litzateke gasaren nazioarteko prezio osoa kontsumitzaileei pasatuz gero. Igoera hori %4,6ra mugatuko du Madrilek, eta aurrerago konpentsatuko die gas banatzaileei.

Tarifa arautuaren aldaketa

Argindarraren garestitzea ez da, berez, Iberiar penintsulako bereizgarri bat —merkatu bateratua dute Espainiak eta Portugalek—. Horrela, joan den astean Erresuma Batuan 225 euroko kostua izan zuen megawatt-orduak, 162 euro Iberiako merkatuan, 135 euro Italian, 122 Alemanian eta 121 Frantzian. Herrialde horietan ere marka hautsiko du gaur argindarraren prezioak, eta denen aurrean Erresuma Batua kokatuko da berriro, 400 eurotik gorako prezioa izango baitu megawatt orduak. Baina Hego Euskal Herrian eta Espainian PVPC tarifa arautua dutenek nabaritu dute gehien prezioaren igoera, tarifa hori zuzenean lotuta baitago handizkako merkatuetara. Horregatik, Espainiako Gobernuak iragarri du enkante txikietako prezioa ere erabiliko duela tarifa arautua kalkulatzeko.

Uraren legearen aldaketa

Udako polemikarik handienetako bat ekarri zuen Iberdrolak bi urtegi egun gutxian hustu izana, hain zuzen, energia hidroelektriko asko sortzeko eta gasaren prezioan kobratu ahal izateko. Halakorik berriro ez gertatzeko, Espainiako Gobernuak Uraren Legea erreformatuko du. Haren bidez, urte hidrologikoen hasieran, ur konfederazioek zehaztuko dute beren arroetako urtegi handietan (50 hektometro kubikotik gora dutenetan) gutxienez eta gehienez zenbat ur hustu daitekeen argindarra sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.