Haurren eskubideak

Hamar pertsona auzipetu dituzte Arabako Aldundiaren zaintzapeko nerabeen ustezko prostituzioaren aferan

Besteak beste, ustelkeria, sexu abusua eta adingabekoei pornografia erakustea leporatzen diete akusatuei, Gasteizko Sansoheta zentroan bizi ziren 14 eta 17 urte bitarteko neska eta mutil batzuek 2016an eginiko salaketaren harira.

Adingabeen Sansoheta zentroa, Gasteizo kanpoaldean. JUANAN RUIZ / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 23a
14:26
Entzun

Arabako Fiskaltzak hamar pertsonaren aurkako akusazioa aurkeztu du, Arabako Foru Aldundiaren legezko zaintzapean zeuden adingabeak ustez prostituitu zituen sarearen aurkako auzian. Sansoheta zentroan bizi ziren hainbat nerabek egin zuen salaketa 2016. urtean. Biktimak 14 eta 17 urte bitarteko neskak eta mutilak ziren orduan, gurasoek zaintza galdu ostean epaileek Arabako Aldundiaren zaintzapean utzitakoak.

Ustelkeria, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egozten dizkie Fiskaltzak hamar akusatuei, eta ehun urteko kartzela zigorra eskatu du. Akusazioaren arabera, akusatuek nerabeei ordaintzen zieten sexuaren truke.

Fiskaltzak ohar baten bitartez zabaldu du akusazioaren berria, baina ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, «gertaerak larriak eta biktimak izugarri zaurgarriak» direlako.

Gasteizko Bigarren Ikerketa Auzitegiak martxoan amaitu zuen dosierra, eta herrialdeko epaitegira bidali zuen.

2016an, salaketa

Zentroko arduradunek 2016ko urriaren 6an jakin zuten lehen aldiz gertaerari buruz, orduan adierazi zutenez. Tutorearekin eginiko ohiko bilera batean, gazte bat prostituitzeari buruz mintzatu zitzaion. Egoera ikusita, beste nerabeak elkarrizketatzeari ekin zioten, eta haietako batzuek adierazi zuten «noizbehinka» prostituitzen zituztela.

Gasteizko kanpoaldean dago Sansoheta zentroa. Batez ere, familia eta portaera arazoak dituzten gazteak bidaltzen dituzte hara, gurasoei zaintza kenduta. Orduan hogei bat gazte zeuden han, erregimen irekian, nahiz eta zentroa hamar pertsonentzako bakarrik diseinatuta egon.

Espetxera bidaltzen lehena psikologoa izan zen. Beatriz Artolazabal orduan Gizarte Zerbitzuetako diputatua zenak nabarmendu zuen hura ez zela aldundiko langilea. Prostituzioa, gertatzekotan, foru aldundiaren egoitza eta espazio publikoetatik kanpo gertatu zela esan zuen Artolazabalek.

Lehenengo salaketa biktimetako baten familiak jarri zuen urte hartako apirilean. Hala aitortu zuen Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, baina, argudiatu zuenez, fiskaltzak eta aldundiko teknikariek ez zieten horren berririk eman arduradun politikoei. Adingabeen halako prostituzio kasua «edonon» gerta zitekeela nabarmendu zuen gero.

EAEko Ararteko Manu Lezertuak ikerketa bat abiatu zuen afera plazaratu eta gutxira. Administrazio publikoek adingabeen segurtasuna bermatzeko hartutako neurriei buruzko informazioa eskatu zuen, adingabeak babesteko neurriak «egokiak eta nahikoak» ote ziren aztertzeko.

Adingabekoak babesteko sistemak ezin ziela beharrei erantzun adierazi zion BERRIAri Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen zuzendariorde Mikel Gurbindok, aferaren harira.

Elena Aiarza Elorriagak, EAEko Arartekoko Umeen eta Nerabeen saileko arduradunak, berriz, «adingabeen egoitza asko beteta daude: muga-mugan», adierazi zuen.

Hurrengo urtean Arartekoak txostena aurkeztu zuen, eta, ondorioztatu zuenez, Arabako Foru Aldundiak «ez zuen desegoki jokatu» aferan.

Halere, 2018an ELAk salatu zuen adingabeei arreta emateko Arabako foru zerbitzuen sareak «kudeaketa arazo larriak» zituela. Nuria Vallejos Barroso ELAko zerbitzu soziosanitarioetako arduradunak Bideberria eta Sansoheta zentroetako egoera salatu zuen. «Administrazioak dira zentro horien arduradunak, zuzenean edo zeharka, baina ez dituzte betetzen dagozkien eginbeharrak». Bideberrian ere prostituzioaren inguruko salaketak aurkeztu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.