Albistea entzun

13/13 AUZIA

13/13 auziko defentsak guardia zibilen kontraerranak azaleratu ditu

Akusazioaren eta defentsaren perituek deklaratu dute gaurko auzi saioan. Angela Murillo epaileak iragarri du litekeena dela epaiketa azarora arte luzatzea.

Jose Perals fiskala, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Jose Perals fiskala, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ESPAINIAKO AUZITEGI NAZIONALA Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko irailak 23

Datak, txostenak, artxiboak eta izenak: horiek izan dituzte hizpide gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean jarraitu duen 13/13 auziko epaiketan. Atzo deklaratu zuten guardia zibilek hitz egin dute gaur berriro, Alfontso Zenon eta Aiert Larrarte abokatuen galderei erantzunez, eta ondotik defentsak eskaturiko bi peritu informatikok hartu dute hitza.

Zenonek eta Larrartek guardia zibilei galdegin diete ea nola lotzen dituzten Arantza Zuluetaren, Jon Enparantzaren eta Iker Sarriegiren izenak ezizen batzuekin, eta askotariko kontraerran eta zehaztasun faltak azaleratu dituzte. Guardia zibiletako batek erran du, adibidez, Zulueta ezizen batekin lotzen dutela, zeina deitua baitzegoen Parisen eginen zen bilera batera joateko. Zuluetak Miarritzetik (Lapurdi) Parisera joateko hegazkin txartel bat hartu zuen egun batzuk lehenagorako, baina guardia zibilak aitortu du ez dutela frogarik Zulueta bilera horretara joan zela erraten duenik: «Uste dugu zita horretara joateko zela hegazkin txartela, baina zita horretan egon zenik ezin dugu esan». Adierazi dute ez dakitela ziur bilera hori egin zenik ere.

Martxel eta Bixer ezizenekin lotzen dute Zulueta, guardia zibilen arabera, pertsona berari egiten baitiote ezizen horiek erreferentzia, baina abokatuek behin eta berriro galdetuta, guardia zibilek ez dute zehaztu ahal izan nola egiten duten ezizenen eta izenen arteko lotura: «Haren profilarekin bat egiten du», erran du halako batean guardia zibiletako batek, Zuluetaren eta Bixer-en arteko loturari buruz.

Enparantza abokatuaren Hernaniko (Gipuzkoa) bulegoko esku idorgailu batean zegoen zulo batez mintzatu dira guardia zibilak gero, haien hitzetan, han atzeman baitzituzten ustez abokatuek euskal presoekin komunikatzeko erabiltzen zituzten mezuak. Zenonek guardia zibilei galdetu die ea nola zekiten Enparantzak zulo horren berri zuela: «Ezin dugu esan edukia ezagutzen zuenik. Baina noski bazekiela hor zegoela: esku lehorgailuak ez zuen funtzionatzen». Enparantzaren etxean atzemandako Zutabe aldizkariez ere galdetu die Zenonek guardia zibilei: ea nola dakiten harenak zirela, eta ez etxe horretan bizi ziren bertze norbaitenak. Guardia zibilaren erantzuna: «Etxe horretan bizi zitekeen jende gehiago, baina halako argitalpenen aurkikuntzak erakusten du, atzemandako beste gauzekin testuinguruan jarrita, bazitekeela pertsona horrek argitalpen horiek erabiltzea».

Larrartek datekin dauden kontraerranak azaleratu ditu Iker Sarriegiren kasuan. Izan ere, Sarriegi kafe antzoki batekin lotzen dute 2009an, ustez Xabier Lopez Peña etakide ohiari atzemandako informazio baten arabera. Lopez Peña 2008an atxilotu zuten, ordea. Gainera, Sarriegiren bulegoan, etxean eta autoan ez zuten aurkitu Gabai ezizenarekin izenpeturiko dokumenturik —hari egozten diote ezizen hori—, guardia zibilek berek onartu dutenez.

Defentsaren perituak

Informatikan adituak diren defentsaren perituek deklaratu dute ondotik, eta informazioa falta dutela nabarmendu dute. Zehazki, frogetako bat: «Ez dugu eskuratu, eta ez dugu atzeman ebidentzien artxiboan». Jone Goirizelaia abokatuaren galderei erantzunez adierazi dute, beraz, ezin dutela baieztatu informazio hori «existitzen» denik eta «izenpedura digitalak horrekin bat» egiten duenik: «Ez gaude ados txostenarekin, ezin baitugu baieztatu hemen esaten dena». Guardia zibilek erantzun diete haien departamenduari ez zitzaiola halakorik eskatu. Angela Murillo epaileak galdegin die ez dezatela haien artean eztabaidatu.

Auzi saioak, gibelatuta

Aurreikusita zegoen heldu den astean bukatzea Madrilen 13/13 auziko epaiketa, baina gaurko auzi saioaren akaberan Murillo epaileak luzatu egin ditu epeak: heldu den astelehenean perituekin segituko dutela jakinarazi du, eta astearteko saioa, berriz, bertan behera utzi dute. Bertze lau data iragarri dituzte: urriaren 15a eta 29a, eta azaroaren 3a eta 4a. Abokatuek desadostasuna erakutsi dute, eta, beraz, ikusteko dago noiz arte iraungo duen epaiketak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Egiari Zor fundazioaren prentsaurrekoa, gaur. ©Gorka Rubio / FOKU

Espainiako Estatuaren biktimek azken astean jasan dituzten «umiliazioak» salatu ditu Egiari Zor-ek

Oihane Puertas Ramirez

Azken egunetan «estatu terrorismoaren gorespen eta apologia adierazpen esplizituak» jasan dituzte, fundazioaren arabera. Gainera, egin zieten kaltea aitortzeko eskatu die biktimen «sufrimenduaren arduradunei».

Bakartxo Ruiz, parlamentuan, eta atzean Maria Txibite gobernuko lehendakaria, ekainean. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu dute aurrekontuei buruz

Joxerra Senar

Oraindik ere ez da erabateko akordioa, eta zerga neurrien inguruan ados jartzea falta dela azpimarratu du Bakartxo Ruizek. Haren esanetan, «akordioa osoa izan arte» ez dute xehetasunen berri emango. Gobernua baikor azaldu da 2022an aurrekontuak izateko bidean.

Jende andanak parte hartu zuen Zemmourren kontrako mobilizazio antifaxistan, atzo arratsaldean, Miarritzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren aurka bildu dira

Ekhi Erremundegi Beloki

Protesta askotarikoa egin dute Miarritzen, besteak beste, EH Baik, LABek eta Les Bascosek deituta
 ©EH BILDU

EH Bilduk estatutuaren «agortzea» nabarmendu du; PSE-EEk, ekarpenak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Urkulluk azaldu du «bete gabe» dagoela eta 30 eskumen lekualdatzeke daudela oraindik ere. PPk estatutuaren «deuseztatze» nahia salatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.