Ohorezko sarien inguruko kode etikoa eztabaidatuko dute datozen hilabeteetan

Donostiako Zinemaldiak eta (H)emen elkarteak antolaturiko genero berdintasunaren inguruko jardunaldia elkarrekin lan egiteko borondatearekin eta konpromisoarekin amaitu da

Johnny Deppi emandako Donostia sariak polemika piztu du. GORKA RUBIO / FOKU
Berria
2021eko irailaren 24a
19:52
Entzun

Donostiako Zinemaldiak eta (H)emen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzendutako elkarteak antolatutako lan jardunaldia Tabakaleran egin dute gaur goizean, eta bertan Espainiako eta Herrialde Katalanetako ikus-entzunezkoen alorreko beste hainbat emakume elkartek ere hartu dute parte.

Zinemaldiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, zinema jaialdiko zuzendaritzak konpromisoa hartu du datozen hilabeteetan ohorezko sarien inguruko kode etiko bat eztabaidatzeko. Elkarteek, beren aldetik, «positibotzat»jo dute zinemaldiak ohorezko sariak hautatzeko irizpideari buruz proposatutako berrikuspen borondatea, baina ez dute nahikotzat jo: «Zinemaldien esparru etikoak arduratsua izan behar du sozialki, eta indarkeriarik gabeko gizarte bati lagundu behar dio. Zinemaldiek ez dute bakarrik irudimena sortzen programatutako filmen bidez, baita emandako sarien eta errekonozimenduen bidez ere, oihartzun mediatiko eta soziala dutelako. Horregatik, esparru etikoa zabaldu behar da ohorezko sarietan genero-ikuspegia sar dadin».

Bileran hainbat gai jorratu dituzte, eta ikus-entzunezkoetako elkarteek, besteak beste, eskatu diote zinemaldiaren zuzendaritzari emakumeen eta gizonen interpretazio sariak berreskuratzeko. «Gaur egungo nazioarteko testuinguruan, aktoreek rol protagonistetan duten parte-hartzeari buruzko datuak oso urrun daude paritarioak izatetik», adierazi dute ohar baten bitartez. «Gainera, emakumezko pertsonaien garrantzia eta sakontasuna, tamalez, oraindik oso urrun dago gizonezko pertsonaienetik. Horri gehitzen badiogu emakume gidoilariek eta zuzendariek idatzi eta zuzendutako filmen kopuru handi batek emakumezko protagonista bat dutela, erabaki horrek eragina izan dezake sortzaileek zuzendutako filmen errekonozimenduan. Testuinguru horretan, emakumeen interpretazio onenaren saria kentzeak egiturazko desberdintasuna indartzen du».

Elkarteek adierazi dutenez, Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioan parte hartu duten zuzendarien % 29 izan dira emakumeak, eta oraindik ekintza positiboko neurriak behar dira «egiturazko desberdintasuna betikotzen duen balantza orekatzeko». Honen harira, Zinemaldiak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan; Nest, Ikusmira Berriak egoitza-programan; eta Zuzendari Berriak sailean, emakumeek zuzendutako filmen parte-hartzea handitzeko eta babesteko konpromisoa hartu du.

Gaurko bilera hasiera bat izan dela adierazi dute Donostiako Zinemaldiak eta (H)emen elkarteak. Aurrerantzean hiru hilean behin egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.