OROIMENA

Sortuk borrokaren eta memoriaren «zilegitasuna» aldarrikatu ditu Oiartzunen

‘Txiki’-ren eta Otaegiren «ametsak bizirik» daudela adierazi dute haien hilketen urteurrenean.

Kizkitza Gil de San Vicente, gaur, Sortuk Oiartzunen antolaturiko ekitaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 25a
20:42
Entzun

Lur xehe multzo bat neska gazte baten eskuetan: «Lur zati txiki hau dugu; ez dugu gehiago nahi, baina ezta gutxiago ere». Eta iturri bat aldamenean, lurra «maiztasunez eta maitasunez» ureztatzeko: «Ernal daitezen haziak; lora dadin biharko Euskal Herria». Bi sinbolo horiekin abiatu du Sortuk gaur arratsaldean 600 lagun ingururen aitzinean egindako ekitaldia, Oiartzungo kiroldegian (Gipuzkoa). Juan Paredes Manot Txiki-ren eta Angel Otaegi Etxeberriaren hilketen 46.urteurrena baino bi egun lehenago egin dute ekitaldia —etzi da urteurrena—: horiek oroitzeko, baina, batez ere, aitzinera begira. Euskal Herria bihotzean, independentzia! lelopean aritu dira ordubetez, eta bi ideia nagusi azpimarratu dituzte Kizkitza Gil de San Vicente eta Arkaitz Rodriguez Sortuko kideek: memoriarako «eskubidea eta betebeharra» eta, borrokaren «zilegitasuna».

Gil de San Vicente izan da hitza hartzen lehena, eta «jende arruntak» Euskal Herriaren alde egindako lanari balioa eman zion. Haren hitzetan, «eredugarria» izan baita: «Horregatik eskatzen dugu egia eta bakea, ez dugulako nahi gure seme-alabek bizitzea guk bizi izandako guztia». Azaldudu «bitxia» dela oroimenaren inguruan «lehia politikoa» sortzea «gatazka politiko bat ez dagoela aldarrikatzeko». Eta, horren aitzinean, «memoriarako eskubidea» eta «ez ahazteko betebeharra» aldarrikatu ditu.

Iraganean gertatu denetik harago, «gertatu denaren zergatiaz» ere galdetzeko premia nabarmendu du: «Demokratikoki hain erraz konpon daitekeen gatazkak zergatik iraun duen hainbeste». Eta Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako «klase politikoari» deia egin die: «Prest daude asumitzeko hemen gatazka politiko bat dagoela?». ETAk 2018an egindako «kalteen onarpen» eta «barkamenei» erreferentzia eginez, berriz, hausnarketarako eskaria luzatu die Madrili eta Parisi: «Noizko halako gogoetak gatazkan zuzeneko parte hartzea izan duten gainontzeko eragileengandik?».

«Berpizkunde berria»

Rodriguezek mezu zuzena bidali die Txiki-ren eta Otaegiren «hiltzaileen ondorengoei», «Espainiako Estatuari» hitza luzatuta: «Hil zenituzten, baina haien ametsek bizirik jarraituko dute». Halaber, «ukazioaren, zapalkuntzaren eta esplotazioaren» aurka borrokatzea «zilegi eta justua» dela aldarrikatu du. Are, ohartarazi zuen hainbat borrokatan ariturikoek «arrazoia» zutela, hala nola sufragistek, Nelson Mandelak, 1976ko martxoaren 3ko langileek, «eta, noski, 36ko gudariek eta Txiki eta Otaegik ere bai, altxa zirenean». Nabarmendu du «ditugun eskubide guztiak borrokari zor» zaizkiola, eta «borrokan» segitzeko gomita egin die hurbildutakoei: «Euskal Herri eta mundu justuago bat eskuratuko baditugu, borrokari esker izango da». Bide horretan, eta «duela 60 urte» gisan, «berpizkunde kultural eta nazional berri» baterako deia egin du: «Orain guri dagokigu herri hau bizkargaineratzea. Eta gure buruari honako promesa egitea: ez dugu etsiko euskal estatu independente, sozialista, feminista eta euskaldun bat eraiki arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.