Sumendia

Kanarietako sumendia laba jariatzen ari da berriz, eta isuria laster irits liteke itsasora

Sumendiaren aktibitatea etena izan da zenbait orduz. Berriki, baina, laba atera da aho nagusitik. Jarioaren aurrealdea itsasotik 800 eta 1.000 metro artean dago.

Kanarietako sumendia, orain astebeteko irudi batean. MIGUEL CULERO, EFE
Uxue Rey Gorraiz - Gorka Berasategi Otamendi
2021eko irailaren 27a
11:24
Entzun

La Palmako Cumbre Vieja sumendiak (Kanaria uharteak, Espainia) sortu duen laba isuria itsasora iritsi daiteke datozen orduetan, adituen iritziz. Kostaldera heltzeko kilometro bat baino gutxiago falta zaiola ikusita, gaur iristea «litekeena» dela adierazi du Miguel Angel Morcuende Arrisku Bolkanikoetarako Prebentzio Planen (Pevolca) zuzendari teknikoak. Dena den, ez du ziurtzat jo. Laba Todoqueko media inguratzen inguratzen ari da, eta abiadura moteldu du tarte horretan.

Labak itsasoko urarekin bat eginez gero sortu daitekeen arriskuarengatik, hainbat neurri hartu dituzte irlako agintariek. Tazacorte herriko kostaldean, laba itsasoratzea espero den eremuan, segurtasun eremu bat ezarri dute, eta itxi egin dute ingurua. Horrez gain, Tazacorteko zenbait auzotan etxetik ez irteteko eskatu diete herritarrei.

[youtube]https://youtu.be/ebd1gBMd1EQ[/youtube]

Arriskua labaren eta uraren arteko «talka termikoak» eragin dezake. 1.000 gradu baino gehiagotara dagoen isuriak 20 gradura dagoen itsasoko urarekin bat egingo balu, lurrin zutabeak sortuko lirateke. Lurrin hori urarena izango litzateke nagusiki, baina nahasirik izango lituzke azido klorhidrikoa eta beira bolkaniko partikula txikiak ere.

Involcan Kanarietako Bolkanologia Institutuak ohartarazi du gas eta likido azidoek azala, begiak eta arnas aparatua narritatu ditzaketela. Bereziki, aurretik arnas gaixotasunak dituztenen kasuan. Dena den, «talka termikoak» eragingo lukeen arriskua «tokikoa» litzatekeela gaineratu dute, eta, beraz, kontrolatzeko modukoa.

Itsasorako bidean, labak 500 eraikin baino gehiago eta 240 hektarea inguru suntsitu ditu, irailaren 19an erupzioa hasi zenetik, Copernicus Europako Batasunaren satelite bidezko behaketa proiektuaren arabera.

Azken inguru kaltetua Todoque izan da. Atzo arratsaldean erabat zeharkatu zuen laba isuriak herria, eta Tazacorte aldera doa orain, punturik zabalenean 600 metro dituen harkaitz urtu erreka lodiak.

Sumendian aktibitate handia atzeman zuen Espainiako Geografia Institutuak. Goizaldeko 4:00ak eta 7:00ak artean, hamasei lurrikara zenbatu dituzte, zazpi eta hamalau kilometro arteko sakoneran. Ondoren, Cumbre Vieja «atsedenaldi» batean sartu da, eta erupzioa gelditu egin da 8:00ak aldera. Laba eta errautsak botatzeari utzi dio, hiru ordu inguruan. 11:00ak aldera hasi berriz laba jariatzen

Kanarietako telebista publikoa zuzeneko emisioa egiten ari da sumendiaren aktibitatearen gaineko egoeraren berri emateko.

[youtube]https://youtu.be/3s25kYz5Jz0[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.