EAJrekin batu beharrean, ezkerreko alderdiekin batu nahi du Soraya Morla PSEko hautagaiak

Basauriko hautagaiak PSE-EEren «esentzia sozialista» berreskuratzeko aurkeztu du bere burua idazkaritzarako.

Soraya Morla hautagaitzaren aurkezpenean. BERRIA
Javi West Larrañaga.
2021eko irailaren 27a
13:35
Entzun

«Alderdi Sozialistak denekin egiten du berba, baina oso kuriosoa da Euskadin beti berberekin egiten dituela itunak». Hainbatetan errepikatu du ideia hori Soraya Morlak, gaur goizean PSE-EEren idazkari nagusirako hautagaitza aurkeztu eta gero. «Ez daukagu zertan konformatu alderdiari [EAJri] egonkortasuna ematen, ezta Euskadiri ere». Morlak PSE-EEren eginkizuna aldatu nahi du, eta EAJrekin egindako hitzarmenak eteteko garaia dela iradoki du; bakarrik gobernatu nahi du, edo behintzat «ezkerreko» gobernu bat eratu.

EH Bildurekin gobernua eratuko lukeen galdetuta, argi erantzun du: «Jakina». Koalizio abertzalearekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin ezkerreko gobernua eratzea proposatu du, eta udaletako itunekin lotu du aukera hori: «Udalerri askotan aritmetikak ahalbidetzen zuen EAJri lekua kentzea».

Hala ere, Morlak nabarmendu du ez duela bere hautagaitza eraiki nahi «EAJrekiko aurkakotasunean», eta gauza asko dauzkatela komunean, baina jeltzaleek ez diotela PSE-EEri onartzen «Euskadiko politikan» izandako garrantzia. «Ez dute onartzen Ramon Rubial lehen lehendakaria izan zela ere».

Eneko Anduezak ere aurreko astean aurkeztu zuen idazkari posturako bere hautagaitza, eta haren aldean, «aukera oso gutxi» dauzkala onartu du Morlak. Baina gehitu du Pedro Sanchezek ere aukera gutxi zeuzkala 2017ko primarioetan, Espainiako Alderdi Sozialistako idazkari nagusi izateko. Morla bera izan zen Sanchezen hautagaitzaren alde aritu zen taldearen buru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Irabazi ezean ere, oraingoan, ahalik eta boto gehien lortzea izango du helburu Morlak: «Oxala ehuneko garrantzitsu bat lortzea, entzun gaitzaten edo taldean sar gaitzaten».

Morlak kazetariei gogorarazi die PSE-EEren bozeramaile izan zela Basaurin 2015-2019 legegintzaldian, eta udal gobernuan sartzeko aukera izan arren Alderdi Sozialistak kanpoan geratzea erabaki zuela, oposizioko lehen alderdia izateko. Helburu bera du Eusko Jaurlaritzarako: oposizioko lehen indarra izatea berriro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.