Jaurlaritzak baimendu eginen du pazienteak lagunduta sartzea osasun zentroetara

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri du hainbat moldaketa eginen direla lehen arretako osasun zentroetako araudietan. Besteak beste, ordutegi batzuk zehaztuko dira COVID-19aren sintomak dituzten eriak ordu horietan azal daitezen.

Gurutzeta ospitaleko korridorea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 28a
13:04
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik «trantsizio» hitza erabili zuen orain bi aste pandemiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hartua zuen bidea deskribatzeko, izurritearen bilakaera onbidean zela iritzita. Orain, eboluzioa «egonkortze fase batean» dela adierazi du Sagarduik, eta, hain zuzen, jakinarazi du egoera epidemiologikoak zenbait malgutze egiteko bide eman duela. Lehen arretako osasun zentroetan indarrean diren zenbait arau leunduko ditu Osakidetzak, «apurka».

Pandemiak eztanda egin zuenetik, osasun zentroetako geletara beste pertsona batek lagunduta sartzea galarazia izan da oro har. Aurki, baina, baimendua izanen da hori egitea. Bestalde, Jaurlaritzak jakinarazi du pazienteek beren ohiko osasun etxeetara joateko aukera izanen dutela, eta, gainera, zehaztu dute zentroetan dagoeneko ez dela izurriaren araberako bereizketa fisikorik izanen. Hau da, ez da izanen soilik COVID-19a dutenei bideratutako espaziorik, behintzat ez besteengandik aldendurik. Kutsatzeak eragozte aldera, bestelako neurri bat jarriko dute martxan: ordutegi batzuk zehaztuko dituzte, arnasarekin loturiko sintomak edota COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonak ordu jakin horietan ager daitezen zentroetara.

Osasun sailburuak nabarmendu du aurrez aurreko arta pixkanaka leheneratzea dela lehentasun nagusietako bat. Hain justu, adierazi du artaren %65 aurrez aurrekoa izatea dela asmoa, hori baita, haren esanetan, izurritearen aurreko egoerako ehunekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.