Natura Ondarea Kontserbatzeko Legea adostu dute Jaurlaritzak eta EH Bilduk

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, «legearen aspektu asko hobetzea» lortu dute. Jaurlaritzak baztertu egin ditu Elkarrekin Podemos IUren proposamenak, eta koalizioak prentsaurrekoa eskainiko du bihar.

Mikel Otero EH Bilduko legebirtzalkidea, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko irailaren 28a
17:11
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege berria adostu dute gaur. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, araudiak «berritze bat» behar zuen; izan ere, duela 27 urte onartu zen legea, eta, geroztik, ingurumen legedi osoa «asko» aldatu da. Gaineratu du egindako proposamenen %75 onartu dietela, eta «legearen aspektu asko hobetzea» lortu dutela. Legebiltzarkideak azaldu duenez, araudi berriarekin, besteak beste, Eudelek, Aldundiek eta Ingurumen Sailak koordinazio batzorde bat sortuko dute; aurrekontu partida zehatzak egingo dituzte, eta korridore ekologikoei bultzada emango zaie.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko buruaren iritziz, ordea, Jaurlaritzak «aukera paregabea» galdu du «ingurumen politika indartsuen alde» egiteko. Izan ere, koalizioak 67 zuzenketa egin zizkion lege proiektuari, eta, Gorrotxategiren ustez, horiek kanpoan geratzea «akatsa» da.

Elkarrekin Podemos IUk «ingurumen politikak hobetzeko borrokan» jarraituko duela adierazi du, eta jakinarazi du prentsaurrekoa eskainiko duela bihar Eusko Legebiltzarrean, gaiari buruzko «xehetasun gehiago» emateko eta «balorazio lasaiagoa» egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.