Albistea entzun

Katalunia

Juntsek «konfrontazioa» eskatu dio Aragonesi; CUPek, beste erreferendum bat

ERCk negoziazio mahaiaren aldeko apustuari eustea kritikatu dute bi alderdiek. Haien esanetan, Madrilek erakutsi du ez duela borondaterik gatazka politikoa gainditzeko.

Albert Batet Juntsek Kataluniako Parlamentuan duen diputatu taldeko presidentea, gaur, Kataluniako politika orokorreko eztabaidan.
Albert Batet Juntsek Kataluniako Parlamentuan duen diputatu taldeko presidentea, gaur, Kataluniako politika orokorreko eztabaidan. Enric Fontcuberta/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2021eko irailak 29

«Jarri data bat erreferendumari, presidente», mintzatu zaio gaur Carles Riera CUPeko diputatua Pere Aragones Kataluniako presidenteari, herrialdearen politika orokorreko eztabaidan. Antikapitalistek ziurtzat dute Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko negoziazio mahaiak ez duela uztarik emango, eta bigarren erreferendum bat eskatu dute legealdi honen amaierarako, galdeketak Espainia eta nazioartea mugiarazteko balio dezakeelakoan. Juntsek ere ez du ezer espero mahai horretatik, eta negoziaziorako baldintzarik ez dagoela uste du, Espainiako Gobernuak independentismoaren aurka «konspiratzen» jarraitzen duelako. Hark ere estrategia aldaketa eskatu du, eta Espainiarekiko «konfrontazioa» areagotzea.

Aragonesek ERCren apustua berretsi zuen atzo parlamentuan, politika orokorreko eztabaidaren lehen saioan: autodeterminazioa eta amnistia lortzeko ahalegina egitea negoziazio mahaian. Hura da, haren esanetan, «estrategia irabazle bakarra». Juntsen eta CUPen iritziz, ordea, Madrilek ez du negoziazioan konprometitzeko asmorik.

Bi indar horiek ohartarazi dute Espainiako Gobernuaren borondate falta are nabarmenagoa dela joan den ostiralean Italiako Poliziak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia atxilotu zuenetik. Sardiniako Alghero hiriko aireportuan atxiki zuten, Espainiako Auzitegi Gorenak igorritako euroagindu baten ondorioz, eta hurrengo egunean utzi zuten aske. «Esku batekin azpijokotan ari dira, eta atxiloketa txalotzen dute; bestearekin, elkarrizketaren aldeko apustua egiten dutela ikusarazten dute», salatu du Albert Batet Juntsen parlamentari taldeko buruak.

Puigdemonten atxiloketan zuzeneko ardura izatea egotzi dio Batetek Espainiako Gobernuari. «Hainbat hedabideren bitartez jakin dugu [Espainiako] Barne Ministerioak, edo baliteke presidenteak, Puigdemont atxilotzeko operazioa gainbegiratu zuela». Baldintza horietan negoziatzea ezinezkoa dela salatu du.

Juntsek ez bezala, atxiloketaren ardura Pedro Sanchezen gobernuaren bizkar jartzea baztertu zuen Aragonesek atzoko hitzaldian. Aldiz, «errepresioa» amaitzeko neurriak hartzera deitu zuen, bestela «askoz ere zailagoa» izango delako hitz egiten jarraitzea.

Alderdi independentistei, berriz, «batasuna» eskatu zien Aragonesek, Espainiako Gobernuaren aurrean ahalik indartsuen agertzeko. Batetek erantzun dio ERCren eta Juntsen arteko gobernua «koalizio gobernu bat»dela, eta ez «mendekotasunezkoa». Presidenteari ohartarazi dio negoziazio mahaian ari dela jartzen indar guztia, baina gobernu akordioak Espainiarekiko «konfrontazio zibiko eta baketsuaren beharra» ere jasotzen duela. Aragonesek ildo horri ez ziola aipamenik egin salatu zuen atzo Juntsek.

Aragonesek erreplikaren txandan «eskuzabaltasuna» eskatu dio Juntsi, eta «sinetsita» agertu da negoziazio mahaiaren apustuaren balioan. «Indartsuago egiten gaitu Katalunia barruan eta kanpoan. Horrek ez ditu baztertzen beste estrategia batzuk beste arlo batzuetan». Bateten «konfrontazio» galdeari dagokionez, Aragonesek adierazi du mahaia proposamenen «konfrontaziorako eremu bat» dela bere horretan.

«Eskoziako trena»

Espainiako Gobernuarekin «egiazko negoziazio eraginkorra» behartzeko, CUPek ezinbestekotzat jo du bigarren autodeterminazio erreferendumera deitzea. «Nazioarteko eragileak eta Espainia mugiarazteko baldintzak sortu behar ditugu. Erreferenduma da esparru politiko mobilizatzaile eta demokratikoa, estatua gehien tenkatzen duen elementua delako, urriaren 1ak frogatu duen moduan», nabarmendu du Carles Riera CUPeko diputatuak.

Erreferendum hori Eskoziaren bigarren erreferendumarekin batera antolatzera deitu du presidentea. «Ezin dugu aukera hau galdu. Ez galdu Eskoziako trena, eta jar ezazu data 2025a baino lehen».

Parlamentuak CUPen proposamena bozkatuko du bihar, taldeek aurkeztuko dituzten beste hainbat ebazpenen artean.

Aragonesek ezezkoa eman dio jada CUPen proposamenari. Presidenteak gogorarazi duenez, ERCren eta CUPen arteko inbestidura akordioak jasotzen du negoziazio mahaiari bi urteko epe bat ematea, eta haren bidez gatazkari irtenbidea ematea lortuko ez balitz, «oldarraldi demokratiko bat» prestatzeko baldintzak sortzea, datarik zehaztu gabe. «Akordioak dioena beteko dugu», ziurtatu du presidenteak.

Elkarrizketa Katalunian

Salvador Illa PSC oposizioko alderdi nagusiaren buruak Katalunian ere elkarrizketa sustatzeko eskatu dio Generalitateko presidenteari. Amnistiaren eta autodeterminazioaren «helburu irrealak» baztertu eta gatazka politikoa bideratuko duen adostasun bat bilatzera deitu du Kataluniako indarren artean.

Horretarako, alderdien mahaia biltzeko galdegin dio. Illak salatu du behin bakarrik bildu dela elkarrizketa gune hori, Quim Torra presidentearen agintaldian.

En Comu-Podem alderdiaren parlamentari taldeko presidente Jessica Albiachek uste du beharrezkoa dela Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko negoziazio mahaia «blindatzea». Puigdemonten atxiloketak are larriagoa bihurtu du behar hori, haren esanetan.

Ildo horretan, Espainian sedizio delitua erreformatzearen garrantzia nabarmendu du Albiachek. PSOEk baztertu egin du neurria oraingoz, baina En Comu-Podemek nahi du proposamena gobernuen arteko negoziazio mahaiak aztertzea.

Kataluniako gatazka politikoa gainditzeko haien proposamenaren oinarriak aletu ditu Albiachek bere hitzaldian: politikaren judizializazioa amaitzea, Kataluniaren nazio izaera aitortzea, finantza eredu berri bat adostea eta eskumen esparrua zabaltzea. «Lorpen horiek ez gaituzte ortzi mugatik urruntzen. Erreferendum adostu baten eta Espainiako Errepublika plurinazionalaren ortzi mugara gerturatzen gaituzte».

Urriaren 1aren urteurrena

Kataluniako Gobernuak 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren garrantzi politikoa aldarrikatuko du bihar, ekitaldi instituzional batekin. Bartzelonako Industria Eskolan egingo du, erreferendumaren egunean Kataluniako hauteslekurik handiena izan zenean. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak, berriz, hainbat mobilizazio prestatu ditu datozen hiru egunetarako. Igandean, manifestazio bat egingo dute Bartzelonan.

Hurrengo egunean, berriz, Puigdemontek Sardinian deklaratuko du, Sassariko Helegite Auzitegiaren aurrean, Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontra igorria duen euroagindua dela eta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Israeli ez zaio axola erosleak zertarako darabilen Pegasus»

Joan Cabases Vega

Macken ustetan, programa erabiltzearen harira sortutako eskandaluek estatu judua «indartu» dute: «Diktadoreek atsegin dute Pegasus, eta demokrazietan ere badute jada, edo eskuratu nahi dute».
Zelenski Ukrainako presidentea —eskuinean— Costa Portugalgo lehen ministroarekin batzartu zen atzo, Kieven. ©EFE

Zelenskirentzat, Ukrainako gerraren amaiera «diplomatikoa» izango da

Ander Perez Zala

Erresuma Batuak Moldaviarentzako laguntza militarra biltzeko aukera ekarri die hizpidera aliatuei. Finlandiak esan du elkarrizketa «ireki eta zuzenekoak» hasi dituela Turkiarekin NATOn sartzeaz
Filipinetako zenbait gazte saskibaloian jokatzen, artxiboko irudi batean. ©FRANCIS.R / EFE

Filipinetako bi milioi nerabe sexu abusuen biktima dira sarean

Zuriñe Iglesias Sarasola

Filipinetako haurrek tentu handiz ibili behar dute amaraunera konektatzen diren bakoitzean. OCSEA erakundeak apirilean argitaratutako txostenaren arabera, 12-17 urteko bost nerabetik batek Internet bidezko sexu abusuak jasan zituen 2020an.

Laboristek irabazi dituzte Australiako hauteskundeak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...