Murrizketarik gabeko bideari lotu zaio Nafarroa

Gaurtik, herrialdean bertan behera dira izurriari kontra egiteko indarrean ziren neurriak, hala nola ordutegiekin eta talde bilkurekin lotutako mugak.

Iruñeko taberna bateko terraza. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 1a
11:24
Entzun

Urriarekin batera ailegatu da aro berria Nafarroara. Izan ere, hilabeteari ateak zabaldu ez ezik, COVID-19aren kontrako murrizketarik gabeko garaia hasi du herrialdeak gaur. Nafarroako Gobernuak indargabetu egin du ordutegiak eta jende bilkurak mugatzen zituen arau oro. Maskararen erabilerari loturiko neurriak indarrean segitzen du, halere, toki itxietarako.

Mugen arindua gizarteko esparru guztietan sumatu daiteke jadanik. Edonola ere, tabernariek eta ostalaritzako langileek nabarituko dute leuntzea indar handienarekin, besteak beste. Hilabeteak eman dituzte lokalen barrenean sar litekeen jendea kontrolatzeko ahaleginetan, eta ohi baino lehenago hetsi dituzte ateak. Orain, arau horiek ez dira traba izanen.

«Urte gogorra izan da, hilabete bereziki latzak izan dira ostalariontzat. Pozik hartu dugu albistea», azaldu du Iruñeko Txantrea auzoko Avenida tabernako Asier Olmedok. Gainera, nabarmendu duenez, arinduaren eragin positiboa ez da mugatzen irabazi ekonomikoetara soilik: «lasaiago» lan egiteko ere balioko die aldaketak. «Etengabe ibili behar izan dugu jendea zenbatzen, mahai bakoitzean eserita zen jende kopurua kontatzen, bezeroei ahalegina egin zezatela eskatzen. Gehienek ongi jokatu dute, baina nekagarria izan da», adierazi du.

Gaurtik, dantzalekuek ere pandemian ezarritzako ordutegi mugarik gabe irekiko dituzte lokalak. Ainhoa Saenz Indara diskotekako zerbitzaria da, eta, kontatu duenez, buru-belarri dira lanean berriz hasteko. «Oso gogotsu gaude. Aspaldi ikusi gabekoa izanen dugu asteburuan: dantzalekua irekita izanen da 06:00ak arte, azkenik».

Neurriak indargabetuko zirela jakin zenetik, batik bat poza eta euforia izan da nagusi herritarren artean. Aldarte onean esnatu dira gaur, aro berri posiblearen atarian. Edonola ere, kezka ez da guztiz desagertu. Berako (Nafarroa) Miren Mitxelena ez da guztiz lasai; gaur-gaurkoz, beldur da ez ote den goizegi halako arintze handirik egiteko. «Ulertzen dut albisteak emaniko zirrara. Mugatuegi izan gara orain arte, baina dena bat-batean? Ez dakit, bada». Dena dela, nabarmendu du maskara oraindik erabili beharrak aski lasaitzen duela. «Ikusteko dago neurria beteko den edo ez, baina ongi da arauari eutsi izana. Barnealderako, bai», adierazi du Mitxelenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.