Adinkeria

Salaketa jarri diote Bilbon adin txikikoak galarazten dituen jatetxeari

Kontsumitzaile elkarte batek argudiatu duenez, adinaren araberako mugak bakarrik «haurrak eta nerabeak babesteko» ezarri behar dira, EAEko legearen arabera. Adinkeria argi eta garbi debekatua du Europako 2002ko zuzentarauak.

Balicana jatetxearen webgunea, adinaren inguruko oharrarekin.
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 1a
14:21
Entzun

FACUA kontsumitzaile elkarteak salaketa jarri dio Bilboko Balicana jatetxeari, eta hari isuna jartzeko eskatu du. Ezaguna egin da jatetxea, haurrak sartzea galarazten duelako, «helduek euren lekua izan dezaten».

Elkarteak salaketan adierazi duenez, jatetxearen jabeek webgunean zehazten dute euren egoitza bakarrik 18 urtetik gorakoentzat dela. Elkarteak argudiatu du adina dela-eta negozio batean sartzea galaraztea abusatzea dela, eta ez duela legediaren babesik. Norbaiti arrazarengatik, sexuarengatik edo jatorriarengatik sartzea galaraztea bezalakoa dela adierazi dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen legediak adierazten du norbaiti egoitza batean sartzea galarazteko eskubideak «ezin duela inoiz jatorria, arraza, sexua, erlijio, iritzi, elbarritasun, sexu joera, genero nortasun edo erabiltzaileen beste edozein egoera pertsonalarengatiko diskriminaziorik ekarri».

Adina ere aipatzen du legeak, baina zehazten du mugak «haurrak eta nerabeak babesteko» ezarri behar direla, besteak beste haientzat egokiak ez diren jarduerak egiten direnean. 16 urtetik beherakoei, esaterako, debekatzen die taberna berezietan, pubetan eta taberna-dantzalekuetan sartzea, heldu batek lagundu ezean.

«Balicana jatetxeak ezarritako sartzeko eskubideak ez die erantzuten legeak adin txikikoei galarazten dizkien arauen baldintzei; beraz, uler daiteke establezimendu hori diskriminazioa egiten ari dela». Hori argudiatuta, Joko eta Ikuskizun Publikoen Zuzendaritzari eskatzen dio enpresaren aurkako dosierra zabaltzeko eta zigortzeko.

Norbait adinarengatik diskriminatzeari adinkeria esaten zaio. Europako 2002ko zuzentarauak argi eta garbi esaten du ezin dela inor diskriminatu adinarengatik. Hala dute jarria Frantziako zein Espainiako lan legeetan. Frantzian hiru urteko kartzela zigorra ere jaso dezake enpresaburu batek norbait diskriminatzeagatik, besteak beste adinarengatik. Legeak diskriminazio zuzena galarazten du, baina adinkerian oinarrituriko diskriminazioak mila mozorro hartu ditu, eta adin guztietako jendeari eragiten dio.

Sare sozialetan askok kritikatu dute jatetxearen jabeen jarrera. «Umefobia bete-betea» idatzi du erabiltzaile batek. «Jende askok txalotzen du hau esanez, 'gaizki hezitako haur asko dago'. Zer egingo dugu heldu hezigabeekin?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.