Migrazioak

Afganistanetik Italiara oinez: 5.000 kilometro

Boluntario talde bat elkartzen da egunero Triesteko geltokiaren aurrean, oinarrizko laguntza emateko bi kontinenteren arteko bidaia errepidez, mendiz eta basoz egin duten iheslariei.

martxelo otamendi
2021eko urriaren 7a
18:29
Entzun

Egunero iristen dira migratzaileak Triestera (Italia). Horietako askok Afganistandik egin dute bidaia, oinez, eta bidearen aztarnak nabari dituzte gorputzean. Asko oso egoera txarrean heltzen dira, oinetan zauriak dituztela. Zorionez, Linea d’Ombra elkarteko boluntarioak dituzte zain, oinarrizko sendatze lanak egiteko. Horrez gain, jantziak, oinetakoak eta jana eskaintzen diete.

Egunero biltzen dira erakundeko boluntarioak, 17:00etan, Triesteko geltokiaren aurreko parkean, Marianna Buttignanik azaldu duenez. «Hemen Balkanetako ibilbidetik datozen pertsonak gelditzen dira, muga zeharkatu eta Italiara heldu ondoren». Migratzaileetako batzuek asiloa eskatuko dute Italian, eta este batzuek Europako beste leku bat izango dute helmuga.

Nicola Franchini boluntarioaren arabera, migratzaile gehienek Afganistan eta Pakistan dituzte jatorri. «Harrapatuta gelditzen dira Bosnian, Europako Batasuneko mugarik gogorrena delako. Europako mugarik bortitzena da». Izan ere, Balkanetako muga itxi zenetik, Bosnia eta Herzegovina Europako Batasunera sartzeko zirrikitu bihurtu da. Franchinik azaldu duenez, Kroaziako Poliziak «jipoitu» egiten ditu muga zeharkatzen saiatzen direnak, baita Kroaziako eremuan ere. Beraz, Italiara heltzen direnek Kroaziako eta Esloveniako mendiak eta basoak zeharkatu behar izan dituzte oinez, bi edo hiru astez. Gauez ibiltzen dira, bagaje pisutsuarekin, ahal duten guztia eramaten. «Italiara oso gaizki iristen dira».

Odisea pairatu duen horietako bat da Bilal Salar afganistandarra. Azaldu duenez, orain dela hiru urte utzi zuen bere herrialdea, «talibanengatik». Nabarmendu du oinez egin duela bidaia: «Ez dut taxirik hartu, ezta autobusik ere». Bi urte eman ditu Bosnian, kontatu duenez. Muga zeharkatzen saiatu izan da denbora horretan, baina orain arte ezin izan du, Kroaziako Poliziarengatik. «Oso pozik nago Europan nagoelako eta etorkizun berri bat eraiki dezakedalako».

Oinarrizko laguntza

Buttignanik azaldu duenez, «oinarrizkoa» egiten dute boluntarioek, Triesten ez dagoelako komun publikorik, ezta bainutegirik ere. «Ez dago lotarako edo aldatzeko toki segururik. Hortaz, gu ahalegintzen gara Europarako ongietorria ematen, eta azaltzen sentitzen dugula Europak horrela jasotzea, modu honetan».

Azaldu duenez, janaririk emateko aukera dute batzuetan. «Denak donazio pribatuen bidez funtzionatzen du; hau da, ez daukagu estatuaren babesik. Guztiz independenteak gara, eta nahiko pobreak. Ematen dizkiguten gauzak biltzen ditugu: kamisetak, galtzak, azpiko arropa, oinetakoak, poltsak... edozer». Halere, Buttignanik argi utzi nahi izan du ez dutela «karitate lan bat» egiten: «Hau arazo politiko bat da».

Boluntarioek etxean prestatzen dituzte jatekoak, ez dutelako leku bat hori propio egiteko. «Baina hori ez da arazoa larrialdi egoera batean sandwichak egiteko edo sagarrak edo behar dutena ekartzeko. Edo, neguan, te katilutxo bat ekartzeko».

Migratzaileetako batzuek ingelesez badakite, baina, gainerakoekin komunikatzeko, Ismail Swati boluntarioa dago. Oinarrizko informazioa eskaintzen die Swatik, besteak beste asiloa eskatzeko prozeduraz. Eta, informazioa emateaz gain, atsedenaldia gozatzen saiatzen da, Afganistango musika jotzen, 5.000 kilometro eta zailtasun handiak jasan ostean horren arrotz gerta ez dakien Triesteko etapa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.