Albistea entzun

Energia

Argindarraren garestitzeak gerarazi egingo du Sidenor, hogei egunez behintzat

Langile batzordeari eta langile guztiei jakinarazi diete ezin dutela oraingo ekoizpen erritmoan jarraitu «neurrigabeko» igoeraren ondorioz. Jaurlaritzak urgentziazko bilera bat egingo du energia kostuek kalte handien egin dieten sektoreekin, eta ELAk dio enpresak ez diela geldialdia azaldu

Sidenorreko Basauriko altzairutegia.
Sidenorreko Basauriko altzairutegia. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko urriak 11

Arazo sozial handi bat eragiteaz gain, argindarraren garestitze ikaragarria susperraldi ekonomikoa zamatzeko gai ote den kezkak badu erantzun zehatz bat Euskal Herrian: Sidenorrek hogei egunez itxiko duela jakinarazi du, ezin omen duelako oraingo ekoizpen erritmoan jarraitu; «neurrigabeko» argindar garestiak galerak ekartzen dizkiola dio. MWh megawatt-ordua 260 euro ordaintzen ari da orain, eta duela urtebete 60 euro zen. Ondorioz, ekoizpen kostuak %25 garestitu omen zaizkio, 200 euro baino gehiago altzairu tonako.

Udaz geroztik energiak izan duen prezioen eboluzioarekin, ekoizpen prozesuan argindarra oinarri duen industria asko sufritzen ari da. Bada, Sidenor eragile garrantzitsua da euskal industrian, funtsezko sektore batean, eta lehena izan da iragaratzen argindarrengatik gelditu beharko duela, baina litekeena da ez izatea azkena.

Eusko Jaurlaritzan kezkaturik begiratzen diote energiaren garestitze horri, industrian hasi delako eragin zuzena izaten, eta susperraldiaren motorra batez ere industriak elikatzea espero duelako Gasteizko gobernuak. Horregatik, Lakuak iragarri du «berehalako bilera bat» egingo duela energia-kostuek kalte handien egindako sektoreekin. «Prezioa neurririk gabe igotzeak Euskadiko susperraldi ekonomikoaren erritmoa baldintza dezake», esan du Gasteizko gobernuak, eta Espainiako Gobernua estu hartzen hasi da «irmoago» joka dezan eskatuz. Horiek horrela, Ekonomiaren Garapeneko Saila eta Energiaren Euskal Erakundea Madrilgo gobernuari eta Europako Batzordeari helaraziko dizkieten neurrien proposamena lantzen ari dira.

Sidenorrek enpresa batzordeari eta langileei jakinarazi dienez, abenduaren 31 arte hogei egunez itxiko du taldeko altzairutegi nagusia, Basaurikoa (Bizkaia). Hau da, urtea amaitu bitartean geratzen zitzaizkion lan egunen %30etan itxita izango da. Taldeko beste fabriketan ere erabaki bera hartu beharko duela esan du, gainera. Euskal Herrian beste bi planta ditu Sidenorrek: Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa).

Altzairugintza argindar kontsumitzaile handia da, eta Sidenorrek, Euskal Herriko beste altzairugile guztiek bezala, labe elektrikoak darabiltza mea eta txatarra urtu eta altzairua sortzeko. Azken egunotan, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko buruak, AEGE Espainiako energia kontsumitzaile handien elkarteko presidente gisa, ohartarazi zuen argindarrak handizkako merkatuan duen prezio gero eta handiagoak zuzen-zuzenean egiten ziela kalte, enpresa gehienek ez dutelako epe luzerako preziorik hitzartuta. Gainera, Iberdrolak ohartarazi du bezero handiekin dituen kontratuak berriro negoziatuko duela edo bertan behera utziko dituela, kostuaren azpiko prezioetan ari delako saltzen.

Sidenorrek nabarmendu du fabrikak ixteak ez duela funtsean arazoa konpontzen, eta iragarri du «argindarraren prezioaren kontrolik ezak jarraituz gero» beste neurri batzuk hartu beharko direla.

ELAk datu gehiago nahi ditu

Sidenorrek nabarmendu du fabrikak ixteak ez duela funtsean arazoa konpontzen, eta iragarri du «argindarraren prezioaren kontrolik ezak jarraituz gero» beste neurri batzuk hartu beharko direla.

ELA sindikatuak, berriz, salatu du enpresak ez dituela «justifikatu» jardura hogei egunez gelditzeko arrazoiak. Lan kargei eta kostuei buruzko informazioa eskatu du batzordeak bileran, baita enpresak konpainia elektrikoekin duen kontratuari buruzko informazio zehatza ere. «Ez dugu erantzunik jaso, argindarraren prezioaren igoerari buruzko aipamena salbu». ELAk uste du «ezinbestekoa» dela informazio gehiago izatea neurriaren arrazoiak ezagutzeko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Emilia Malaga, EGABeko bulegoetan. ©EGAB

Emilia Malaga izango da LHK-ko presidentea

Imanol Magro Eizmendi

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen burua zen orain arte, eta aurretik UGT sindikatuan ibilbide luzea eginikoa da. Tomas Arrieta ordezkatuko du.

Elikagaien garestitzea indarra galtzen ari da. ©Filip Singer / Efe

Inflazioa uste baino gehiago jaitsi da eurogunean

Iker Aranburu

Europako Banku Zentralak hurrengo bileretan interes tasak gehiago handitzeko arriskua apaldu du iraileko datuak.

Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariak, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola / Foku

Zor publikoaren zama arinduz doa

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritzak BPGaren %13 zor du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, %13,3

Pentsiodunen protesta bat Donostian ©Juan Carlos Ruiz (Foku)

Batez besteko pentsioa 50 eta 60 euro artean igoko da Hegoaldean 2024an

Jokin Sagarzazu

Hirugarrenez jarraian KPIaren arabera eguneratuko ditu Madrilek: aurtengo batezbestekoa %3,8 da. Igoera eskas gera daiteke urte hasierarako espero den inflaziorako. Erretiro pentsioak 1.700 eurotik gorakoak izango dira, batez beste; alarguntza pentsio minimoa, 630 euro.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.