Ekialde Hurbila

Israel bizkortzen ari da Jerusalem ekialdean koloniak eraikitzeko plana

Jerusalemgo tokiko planen batzordeak lurrak desjabetzea onartu du Givat Hamatos eremuan, juduentzako 1.250 etxebizitza altxatzeko. Horrez gain, bide eman dio Pisgat Ze'ev kolonia handitzeari.

Israelgo bi soldadu, Palestinako Hebron hiriko Kiryat Arba kolonia zaintzen, artxiboko irudi batean. ABED AL HASHLAMOUN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 14a
12:49
Entzun

Israelek 1967 urteaz geroztik okupatuta du Jerusalem ekialdea, eta han kolonoentzako milaka etxebizitza eraikitzeko planekin aurrera egiteko asmoa berretsi du Naftali Bennet Israelgo lehen ministroaren gobernuak. Haaretz hedabide israeldarraren arabera, Jerusalem ekialdean bi kolonia berri eraikitzeko urrats bat gehiago egin zuen atzo: Jerusalemgo tokiko planen batzordeak Givat Hamatos inguruko lurrak desjabetzea onartu zuen, eta bide eman zion Pisgat Ze'ev kolonia 470 etxebizitzekin handitzeko planari.

Litekeena da hilabeteko epean pauso gehiago ematea. Datorren astean, E1 kokagunearen plana eztabaidatuko du batzordeak, eta, abenduaren 6an, Atarot aireportuaren ondoko kolonia erraldoia altxatzeko plana. Azken horrek 9.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du kolono juduentzako.

Lau proiektuak legez kanpokoak dira nazioarteko zuzenbidearen arabera, Palestinaren lurretan egingo liratekeelako. Hori dela-eta, nazioarteak presio egin dio Israeli okupatutako lurretan kolonia gehiago eraiki ez ditzan. AEBen kontrako jarrerak urteetan geldiarazi ditu Tel Aviven asmoak; bereziki, Barack Obama AEBetako presidente ohiaren agintaldian. Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenean ere Israelek ez zuen urratsik egin Jerusalem ekialdeko eremu horietan eraikitzeko.

Trumpen agintaldiaren amaieran ekin zion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro ohiak prozesua bizkortzeari, eta Bidenek agintea hartu baino egun gutxi batzuk lehenago itxi zuen Givat Hamatos kolonia eraikitzeko prozesua. Bulldozerrak eremua prestatzeko lanetan hasi ziren.

Netanyahuk hasitako bideari azkar ari zaio segida ematen Bennet, eta, oraingoz, ez du AEBetako Gobernuaren kritika zorrotzik jaso, publikoki. Hala ere, Israelgo hainbat hedabidek adierazi dute Etxe Zuria presio egiten ari zaiola bilera pribatuetan, proiektu horiek geldiarazi ditzan.

Nazioartearen kezka da Tel Avivek kolonia horiek eraikiz gero ezinezkoa izango dela Israelen eta Palestinaren arteko gatazka gainditzeko bi estatuen irtenbidea gauzatzea. Ildo horretan, Givat Hamatos eta E1 koloniak jotzen dituzte, bereziki, arduragarri. Givat Hamatosek —1.250 etxebizitza baino gehiago hartuko lituzke— eten egingo luke Jerusalem ekialdearen eta beste herri palestinar batzuen arteko lotura. Kolonia israeldarrek guztiz inguratuko lukete Palestinako hiriburua. E1 koloniak —3.500 etxebizitza—, berriz, Zisjordania bitan zatituko luke, eta oztopatu egingo lituzke iparraldeko eremuaren eta hegoaldekoaren arteko joan-etorriak.

Ataroteko koloniak ere eragozpen handiak eragingo lituzke etorkizunean Palestinak estatu propio bat izan dezan. Atarot inguru industrialaren eta izen bereko aireportu abandonatuaren ondoan dago proiektua, eta palestinarrek Jerusalemen garapenerako duten eremu libre bakarra hartuko luke.

Oreka bila

Yair Lapid Israelgo Atzerri ministroa Washingtonen da egunotan, bisita ofizial batean. Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkariarekin bildu zen atzo, eta bi agintariek hiruko bilkura bat egin zuten ondoren Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri ministro Abdullah bin Zayedekin.

Bilkuraren ostean, Estatu idazkariak ez zion aipamenik egin Israelen kolonia hedatzeko politikari. Bestelako gaiak izan zituzten hizpide Lapidek eta Blinkenek: Iran, Israel eta hainbat herrialde arabiarren arteko itunak, eta AEBek palestinarrentzako Jerusalemen ireki asmo duten kontsulatua.

AEBetako Gobernuak kolonien gaineko aipamenik egin ez zuenez, pentsa daiteke gai hori ez dela Etxe Zuriaren lehentasun bat Ekialde Hurbilean, edo prest dagoela hedatze politika hori baimentzeko. Hainbat adituren iritziz, berriz, baliteke oreka politiko kontu bat izatea. Horien arabera, Bidenek saihestu egin nahi du Obamak Netanyahurekin izan zuen aurrez aurreko talkaren gisako bat izatea, Israelekin harremanak zaintze aldera. Gainera, Bennetek koalizio gobernuan duen egoerari ere erantzungo lioke isiltasun horrek, kolonien gaineko kritika publiko batek lehen ministroaren agintea kolokan jar dezakeelakoan. Hala gertatuko balitz, Netanyahu bera litzateke Bennetentzako arriskurik handiena.

Kolonoentzako milaka etxebizitza eraikitzeko proiektuak aipatu gabe, Blinkenek adierazi zuen Bidenen gobernuak bi estatuko irtenbidea babesten duela Palestinaren eta Israelen arteko gatazka gainditzeko.

Adierazpen publikoak alde batera utzita, Etxe Zuria Israeli era diskretuan presio egiten ari bazaio, oraingoz ez du lortu Tel Aviven planak geldiaraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.