Hatortxu Rock

Jaialdi berezi bat iragarri du Hatortxu Rockek datorren urterako

Hatortxu Rock jaialdiak 25. aldia ospatuko du abenduaren 18an, ‘Kilometroak metro’ lelopean. Datorren urteko uztailean ere bi eguneko jaialdi berezi bat egingo du, eta Atarrabian izango da hori ere.

Hatortxu Rock jaialdiaren 2017ko irudi bat, Atarrabian (Nafarroa). IDOIA ZABALETA
Nagore Arin.
2021eko urriaren 14a
12:58
Entzun

«Beste urte batez, hemen da Hatortxu Rock». Horrela iragarri du Hatortxu Rock jaialdiak bueltan dela, «urte eta erdi berezi» baten ostean ohiko formatura bueltatzeko prest dagoela. «Hamarnaka adjektibo jartzen ahal zaizkie atzean utzi ditugun hilabete hauei guztiei [...]. Baina, horren guztiaren gainetik, Hatortxu Rock jaialdiak ideia argi bat izan du: lanean jarraitu beharra dago». Atarrabian (Nafarroa), jaialdiaren ohiko etxean ospatuko dute itzulera: abenduaren 18an izango da, eta datozen asteetan emango dute bertan joko duten talde eta musikarien berri.

Ekitaldiaren harira plazaratutako oharrean azaldu dutenez, «guztiok ezagutzen dugun Hatortxu Rock bat» izango da abenduaren 18an egingo dutena, murrizketa neurriak bertan behera gelditu direnez gero «Hatortxu Rock antolatu eta jaialdiaz gozatzeko moduan» daudela iritzi baitiote. Ohi bezala, euskal preso politikoek senide eta gertukoek pairatzen duten sakabanaketa politika salatzeko antolatu dute, eta irabazi ekonomikoak ere sakabanaketaren aurkako lanera bideratuko dituzte.

Igande honetatik aurrera erosi ahal izango da jaialdirako sarrera: 20:00etan jarriko dituzte salgai, jaialdiaren webgune ofizialean, eta 20 euroan erosi ahal izango dira. Egunean bertan, berriz, 25 euro ordaindu beharko dira sarrera bakoitzarengatik. Zehaztu dutenez, iazko aldi berezian sarrera erosi zuten guztiek aukera izango dute aurtengo hau aurresalmentan lortzeko, eta posta elektronikora bidaliko dieten mezu baten bitartez erosi ahal izango dute sarrera.

Beste ekitaldi bat 2022an

Ez da jaialdiak eman duen albiste bakarra; izan ere, hurrengo urtean ere ekitaldi handi bat izango dela aurreratu dute. Uztailaren 29an eta 30ean izango da, Atarrabian, eta bi egun iraungo du. «Azken urtean antolatu ezin izan diren ekitaldi guztiak kontuan hartuta eta sakabanaketaren aurkako borrokan dagoen beharra aztertuta» hartu dute erabaki hori. Une horretan koronabirusaren bilakaera zein den aztertu beharko dutela ere aurreikusi dute, baina gaur-gaurkoz «zita berezi» hori prestatzen hasiak direla. «Gero eta gertuago ikusten dugun sakabanketa politikaren amaiera gauzatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.