Unai Gardoki

"Bidea oso luzea izan da, baina ilusioa berpiztea lortu dugu"

Urtebeteko atzerapenarekin, baina azkenik bukatu zaio atzerako kontua Nafarroa Oinez jaiari. Gaur eta bihar eginen dute, Lizarra ikastolaren eskutik. Antolatzaileak arduratsu dira, baina gogoz batez ere.

Unai Gardoki. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 15a
12:53
Entzun

Gaur eginen du eztanda Nafarroa Oinez ikastolen jaiak, azkenik. Laugarren aldiz, Lizarrako ikastolak hartuko du jaia; Hegan Oinez dute lelo. Iaz ziren ospatzekoak, ikastolaren 50. urteurrenarekin batera, baina izurriteak erdiz erdi jo zuen egitasmoa, eta bertan behera utzi. Hala, itxaronaldia bikoiztu egin zaie, urtebeteko atzerapena dela medio. Ordea, trabak eta indarrak berdindu nahian, bikoiztu egin dute jaiaren iraupena ere: gaurko eta biharko egitaraua ondu dute, “xumea, baina gozagarria”. Ikastolako lehendakari da Unai Gardoki (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1972).

Gaur bukatuko da atzera kontua. Nola sentitzen zarete?

Gogotsu gaude, eta, horretaz gainera, urduritasuna ere nabari dugu jada. Azken asteak bereziak izan dira, jakina baita orain arte COVID-19ak ez digula utzi Nafarroa Oinez arrunt bat antolatzen. Azken unera arte ibili gara ezinean. Pentsa, ezinezko zitzaigun kalean txaranga batekin ibiltzea ere. Orain, bat-batean, dena aldatu da, dagoeneko urrira sartzear ginela. Egun batetik bestera, ezer egin ezin izatetik guztia zabalik izatera pasatu gara. Ez da erraza hori kudeatzea.

Kasu honetan, jaia prestatzeko denbora gehiago izatea ez da izan abantaila baten seinale.

Traba ugari izan dira, eta ez neurriekin zerikusia zutenak bakarrik. Ezinbesteko zitzaigun familiak motibaturik mantentzea, pil-pilean edo, gogotsu, eta oso zaila izan da hori. Itxaronaldia luzea izan da, denak izan gara etxean itxita denbora batez, auskalo familia bakoitzak zer-nolako egoera izan duen berean… Baldintza horietan, ez da erraza. Bidea oso luzea izan da, baina, azkenean, lortu dugu ilusioa berpiztea. Kanta kaleratze hutsak beste kolore bat jarri zion giroari.

Jaia asteburu osora zabaldu duzue. Zer itxura izanen du?

Gune batera mugatu beharrean, aurten, hein handi batean, Lizarrak hartuko du jaia, larunbatean bereziki. Zazpi tokitan izanen dira jarduerak, askotarikoak.

Ohi baino “xumeagoa” izanen dela esan duzue, halere.

Ziurgabetasuna etengabea izan da prozesu osoan, eta, hain zuzen ere horregatik, inoiz ezin izan dugulako jakin zer egin ahalko genuen, Nafarroa Oinez txiki bat antolatzeko asmoa genuen aspalditik. Gureak, adibidez, ez ditu izango normalean jaiak izaten dituen ibilbidea edo trafiko planak. Dena dela, mugen malgutzea abantaila handia izan da oro har. Orain aste batzuk pentsaezina zen barra bat jartzea, eta lortu dugu. Izango dugu barra, izango dugu txaranga, batukada… Pozgarria da, arduratsu ere bagauden arren. Ez genuke nahi gehiegikeriarik edo problemarik. Beldur pixka bat ere badaukagu.

Zertarako erabiliko duzue lortuko duzuen etekin ekonomikoa?

Diru kontuetan zentratzeko ohitura dugu, baina guk beti aldarrikatu nahi izaten dugu jaiak askoz gehiagorako ere balio duela. Gure kasuan, jaiak balioko digu 50. urteurrena ospatzeko, eta, ez hori bakarrik, beste lehentasun batzuk ere zehaztu ditugu; adibidez, ikastolak berezko duen kooperatibismoa aldarrikatzea eta ingurumenari erreparatu eta jasangarriagoak izateko lanketa egitea. Lehendik ere egiten genuen, baina orain indar handiagoz jardun nahi dugu horren alde. Kontuak kontu, dirua zertarako nahi dugun gehienbat? Haur eskola tokiz aldatzeko. Haur eskolakoek dituzten azpiegiturak egoera kaskarrean daude, eta hobetu beharra dago. Azken batean, 50 urteko ikastola bat da; beti ibili behar izaten dute petatxuak jartzen.

Hain zuzen, ikastolaren 50. urtebetetzea izaki, erabaki zen jaia Lizarrak hartzea. Baduzue zer ospatua, ezta?

Bai, eta ongi dago horrelako egunetan begirada orduko hartara zuzentzea, oroitzea nola aritu ziren duela 50 urte guraso horiek, eta baita guraso ez ziren horiek ere. Gogoan izan behar dugu zein baldintzatan borrokatu ziren, nola, esaterako, barrakoietara bidaltzen zituzten seme-alabak, edo ez-dakit-nork utzitako zentro batera. Odisea hutsa zen, eta haiengatik ospatu behar dugu, haiek goraipatzeko. Haiek egin zutenarekin konparatuta, guk egiten duguna ez da ezer.

Zuen ikastolak laugarren aldiz hartuko du Nafarroa Oinez. Jaiak ezinbestekoak dira ikastolak behar adinako indarrez aurrera egiteko?

Babesa ematen digu ekonomikoki, baina gogoratu behar dugu Nafarroa Oinez Nafarroako hamabost ikastolen izenean egiten dela, eta, gainera, egitasmoa ez dela egun honetara mugatzen. Urte osoan egiten ditugun jarduerek uzten dute bistan ikastolak hemen gaudela, bizirik.

Ikastola zer neurritan da inportantea Lizarrerriko euskalduntzea hauspotzeko?

Oso rol garrantzitsua dugu. Historia ikusita, aise nabaritzen da. Hasi zirenean, ez zegoen ia ezer; orain, Lizarrerriko egoera diferentea da.

Euskarak garai gozoa bizi du eskualdean?

Orokorrean Euskal Herrian dauden arazoak presente egonda ere, hau da, erabilera zer neurritakoa den eta gazteek nolako gaitasuna duten, nabaritzen da hobekuntza. Adibidez, seguru nago gaztetxo direla erdaraz egiten duten askok barru-barruan dutela euskara; are gehiago, uste dut heldu bihurtzean maiz izaten dutela joera berriz gure hizkuntza azaleratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.