Albistea entzun

Energien krisia

Argindarraren kostua dela eta, Arcelorrek geldialdiak egingo ditu Olaberrian eta Bergaran

Multinazionalak jakinarazi du neurria indarrean dela, eta ordu jakin batzuetan eteten ari direla ekoizpena.

ArcelorMittalek Euskal Herrian duen lantegi bateko altzairutegi elektrikoa
ArcelorMittalek Euskal Herrian duen lantegi bateko altzairutegi elektrikoa Jon Hernaez (Foku) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2021eko urriak 15

ArcelorMittalek «geldialdi laburrak eta selektiboak» egingo ditu bere ekoizpenean, argindarraren prezioa handiak direla-eta, eta erabaki horrek multinazionalak Euskal Herrian dituen zortzi lantegietatik biri eragingo die, biak Gipuzkoakoak: Olaberriakoari eta Bergarakoari. Konpainiak baieztatu dutenez, jada ari dira etenaldi horiek egiten, elektrizitatearen kostuaren inpaktua handiagoa den orduetan. Azaldu dutenez, egunero erreparatzen diote hurrengo egunean argindarrak izango duen prezioari, eta horren arabera hartzen ari dira produkzioarekin lorturiko erabakiak. Konpainiak beste sei lantegi ditu Euskal Herrian, baina horietan ez du aurreikusten neurria ezartzea.

Siderurgia alorreko hainbat enpresa handi hasi dira geldialdiak egiten euren produkzioetan. Euskal Herrian, Sidenorrek eman zuen horren berri aurreko astean. Basauriko lantegian hasiko dira, eta konpainiak ez du baztertzen besteetara zabaltzea. ArcelorMittalen kasuan, erabakiak multinazionalak Europak dituen lantegi kopuru zehaztugabe bati eragingo dio.

Ikusi gehiago: Konpainia elektrikoen irabaziak murrizteko dekretua berretsi du Espainiako Kongresuak, EH Bilduren aldeko botoarekin eta EAJren abstentzioarekin

Financial Times-ek ostegunean aurreratu zuen bezala, altzairutegi elektrikoetan ezarriko dute neurria —halakoak dira Euskal Herrian dauden guztiak—, eta eraikuntzaren sektorerako xafla luzeak produzitzen dituztenetan, bereziki; Olaberrian eta Bergaran, esaterako. ArcelorMittalek 40 milioi tona altzairu ekoizten ditu urtean Europan, eta horietatik 10 milioi eraikuntza sektorerako dira.

Multinazionalarentzat ekoizpen zentro bakarra osatzen dute bi lantegi horiek. Olaberrikoak profil ertainak sortzen ditu eraikuntzarako; Bergarakoak, berriz, lehenengotik iristen zaion produktua prozesatzen du, eta profil arinak sortzen ditu sektore bererako. Bi lantegietan 510 langile daude.

Horiez gain, Euskal Herrian ArcelorMittalek beste sei lantegi ditu: bat gehiago Gipuzkoan, Zumarragan; bi Bizkaian, Etxebarrin eta Sestaon; Eta hiru Nafarroan: Lesakan, Berriobeitin eta Legasan.

Konpainiak onartu du «ekoizpenerako etenaldi labur eta selektiboak» egin behar dituela produkzioaren errentagarritasunari eusteko. Hala ere, ez du espero neurri horrek eragin handirik izango duenik bere ekoizpen bolumenean edo bezeroen eskariari erantzuteko duen gaitasunean.

Energiekin ez ezik, lehengaiekin ere arazoak izaten ari dira industria alorreko enpresetan. Autogintzaren sektoreak, adibidez, mikrotxipen faltagatik produkzio geldialdiak ari dira egiten.

LABentzat, «xantaia»

Komunikabideetara bidalitako ohar batean LABek salatu du ez duela inolako jakinarazpenik jaso ArcelorMittalen partetik. «Halako neurririk hartu behar badu, lotsagarria da langileei ezer aurreratu aurretik komunikabideetara jotzea».

Sindikatuak azpimarratu du konpainia horren eta Sidenorren erabakiek ez dutela «inolako justifikazio ekonomikorik». Uste du multinazional handiek «xantaia estrategia» bat abiatu dutela «geldialdien mehatxuen» bidez gobernuei presio egiteko argindarraren kostua jaisteko eta, bide batez, lan kostuak ere murrizteko. Estrategia horrekin bat egitea leporatu dio EAJri.

LABek uste du indarrean den lan erreformak enpresei «botere erabatekoa» ematen diela «edozein arazok» —izan lehengaien hornikuntzak, mikrotxipen aferak edota argindarraren igoerak— eragindako kostuak «langileen bizkar» jartzeko. «Geldialdi patronal bat egin nahi badu, enpresak ordain dezala».

Jaurlaritza, enpresei laguntzeko prest

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak espero du Espainiako Gobernuak onarturiko dekretuari gehitu nahi dizkion neurriek egoera «lasaituko» dutela, eta horri esker faktura txikitu ahal izango dutela industria handiek.

Jaurlaritzak txosten bat egin du har daitezkeen 23 neurri posiblerekin, eta aipatu du bazkide gisa parte hartuko duela industria hornitzeko asmoz etorkizunean sor daitezkeen energia berriztagarrien parkeetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hegan klusterreko kideak, gaur, Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Aeronautikak ez dio etekinik atera Ukrainako gerrari, baina uste du aterako diola

Aitor Biain

Hegan klusterreko enpresen fakturazioa %27,3 handitu da, eta pandemia aurreko jarduera berreskuratu dute.

LABek deitutako protesta, gaur, Bermeon. ©LAB

«Esklabismoa» salatu du LABek Bermeoko itsasontzi batean

Iker Aranburu

Sindikatuaren arabera, Beti Euskal Herria itsasontziak abisurik gabe eta kalte ordaina eman gabe bota ditu bere zortzi arrantzaleak.

Bi igeltsero Bilbon lanean, 36 graduko tenperaturarekin. ©Luis Jauegialtzo / FOKU

31 gradutik gorako tenperaturarekin lan jarduna geldiaraz daitekeela uste du LABek

Imanol Magro Eizmendi

Lantokietan beroari aurre egiteko gida bat eratu du, eta sentsazio termikoaren arabera atsedenak arautzeko eskatuko diete enpresariei.

Yael Braun-Pivet, Frantziako Asanbleako presidentea. ©Christophe Petit-Tesson / Efe

Frantziako Asanbleak ez du eztabaidatuko erretreta 62 urtera itzultzeko proposamena

Iker Aranburu

Yael Braun-Pivet Asanbleako presidenteak baieztatu du blokeatu egingo duela LIOT taldearen eskaera. Gobernuaren aurkako zentsura mozio bat iragarri du Frantzia Intsumisoak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...