Biziz

Bizikleta gaineko urtebeteko itzuliaren nondik norakoak, BERRIAko blog berrian

Hernaniko eta Ordiziako bi gaztek proiektu bat abiatu dute berriki: Biziz. Hamabi hilabeteko bidaia eginen dute Afrikan eta Asian barna, bizikletan. BERRIAren blogean irakurgai izanen dira nondik norakoak.

Pello Alberdi eta Jon Rodriguez, orain hilabete. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 15a
14:59
Entzun

BERRIAko irakurleek blog berri bat izango dute aurrerantzean webguneko blog plataforman: Biziz. Jon Rodriguezek eta Pello Alberdik urtebetean munduan zehar bizi izandako esperientziak kontatuko dituzte hor. Pedalkadaka eginen dute bidea; begiak erne eta belarriak zorrotz. Gipuzkoako bi gazte dira, Mondragon Unibertsitatean ingeniaritza industriala ikasiak, eta graduondokoa bukatzear dira gaur egun. Ikasketen hondarrean direla, proiektu bat jarri dute martxan biek ala biek: Biziz. Afrikako eta Asiako txokoak ezagutzea da asmoa, bizikletarekin batetik bestera mugituz, urtebeteko bidaian; helburu nagusia, bertako Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana ezagutzea eta oihartzuna ematea.

Ikusi gehiago: «Oihartzuna eman nahi diogu zenbait GKEk egiten duten lanari»

Rodriguezek eta Alberdik kontatu dutenez, bidaiak bi zati nagusi izanen ditu. Irailetik abendura artekoa izanen da aurrena, eta Hegoafrikatik Kenyara arteko ibilbidea egitea da helburua. Halaber, urtebeteko bidaiaren bigarren partean Thailandiatik Kirgizistanera joanen dira bi gazteak. Hain zuzen, bidaiaren lehen zatitik bigarrenera arteko saltoa egiteko baizik ez dute erabiliko bizikletaz besteko garraiobiderik; hegazkinez eginen dute urrats hori.

Parte hartzaileek ez dute nahi bidaian ikusiak eta ikasiak eurentzat baizik ez izaterik. Kontrara, bozgorailu izan nahi dute, eta sarea osatzen ari dira Euskal Herriko zenbait hedabiderekin. Tartean da BERRIA: etapaz etapa, BERRIAren Biziz blogean kontatuko dituzte bizitakoak. Dagoeneko irakur daiteke estreinako etaparen kronika: 0. etapa: Egokitzapen egunak Middelburgen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.