Erresuma Batua

Amess diputatuaren hilketa «ekintza terrorista» da, Poliziaren arabera

Poliziak 25 urteko gazte bat atxilotu du, eta muturreko islamista bihurtzeko arriskuan dauden pertsonen zerrendetan egon zela zabaldu dute.

Erasoa gertatu den kalea, itxita. ESSEXEKO POLIZIA
jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 15a
16:19
Entzun

David Amess Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko diputatua labanaz hil zuten atzo, Ingalaterran. 69 urte zituen, eta Essex konderrian hautesleekin egiten ari zen ekitaldi batean hil zuten. Poliziak 25 urteko gazte bat atxilotu du, jatorria Somalian duena, eta, Ingalaterrako hedabideetan zabaldu dutenez, muturreko islamista bihurtzeko arriskuan dauden pertsonen zerrendetan egon zen haren izen-abizen bereko bat. Poliziak ofizialki adierazi du «ekintza terrorista» izan dela hilketa. Lehenengo ikerketak erakutsi du litekeena dela «muturreko islamismoarekin loturiko motibazioa» egotea gertaeraren atzean.

Leigh-on-Swea herriko eliza batean izan zen erasoa, Londres ekialdean. Erasotzaileak, poliziaren arabera, hainbat aldiz sartu zion labana Amessi. Lehen datuan arabera, larrialdi zerbitzuetako kideek eraso lekuan bertan artatu zuten Amessbaina han bertan hil zen.

Labana bat aurkitu zuten erasoa gertatu den lekuan. Esan zuten ez dagoela beste inor lotuta erasoarekin.

Kontserbadore gogorra

Amess Alderdi Kontserbadorearen sektore gogorreko diputatua zen. 1983an aukeratu zuten Erresuma Baturako Parlamenturako lehen aldiz. LGTBI komunitatearen eskubideen aurkakoa zen, eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak kritikatu zituen. Brexit-aren aldekoa zen, eta horren aldeko kanpaina egin zuen Europako Batasunetik ateratzeko erreferendumean.

Amessen hilketak Jo Cox laboristarena ekarri du gogora. 2016ko ekainean, erreferendumaren aurreko egunetan, Thomas Mair eskuin muturreko kideak bahitu eta tiroz hil zuen. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten Mairi hilketagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.