Bengoetxea VI.a 22-15 Elordi

Bengoetxeak ez du azken hitza esan

Neurketaren bigarren erdian nagusitu da Bengoetxea. Gaur galduta, aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da Elordi, eta Etxeberria finalerdietan da jada.

Bengoetxea VI.a, gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 17a
20:43
Entzun

Aste batetik bestera nola aldatzen diren kontuak. Joan den astean, Oinatz Bengoetxeak egurra jaso zuen Peio Etxeberriaren aurka (22-8), eta, emaitzaz gain, sentsazioak ere eskasak izan ziren; neurketaren bigarren zatian arnasari buelta eman ezinda ibili zen nafarra. Gaur, berriz, neurketaren bigarren zatian, joko bikaina egin du, eta hortxe nagusitu zaio Elordiri: 11-12tik 22-15era.

Neurketaren lehen zatia ikusgarria izan da. Tantoak gogortzen saiatu da Elordi, azkarrago amaitzen Bengoetxea, baina biek ala biek lan bikaina egin dute. Tantoak egitea zail jarri diote aurkariari. Bigarren erdia bestelakoa izan da; sakez min egin du Bengoetxeak, tantoak amaitzen asmatu du, eta nahi zuen lekuan izan du Elordi une oro.

Hemezortzigarren Lau eta Erdiko Txapelketa du Bengoetxeak, agian, azkenengoa, urte amaieran bukatuko baitzaio Baikorekin duen kontratua. Neurketa hasi aurretik, apustuak Elordiren aldekoak ziren. Gaur, ordea, argi utzi du ez duela bere azken hitza esan: «Begi bistakoa da azkenaldian asko kostatzen zaidala partidak irabaztea, eta oso pozik nago gaurko garaipenarekin, zoratzen», aitortu du pilotariak.

Etxeberria, finalerdietan

Elordi, berriz, aukerarik gabe geratu da gaurko porrotaren ostean. Etxeberria finalerdietan da matematikoki (Altunari irabazi zion atzo), eta datorren astean hil edo biziko neurketa jokatuko dute Bengoetxeak eta Altunak. «Niretzat oso berezia da azken partidara aukerekin heltzea, oso berezia», esan du nafarrak. Aitortu du zaila izango dela Altunari irabaztea, baina «ilusio guztiarekin» joango dela esan du. Neurketa bakarrera, edozer gerta daiteke.

Bihar jokatuko da jardunaldia itxiko duen neurketa, B multzokoa. Tolosako Beotibar frontoian (Gipuzkoa) nor baino nor gehiago arituko dira Erik Jaka eta Unai Laso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.