EITB

LABek ardura hartzeko eskatu dio ETBri Guardia Zibilaren txalekoaren auzian

Sindikatuak gogor kritikatu ditu Andoni Aldekoa ETBko zuzendari orokorrak gaiaren harira Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenak. LABek salatu du zuzendaritzak zuzenekoan ziren langileei egotzi diela errua. «Bere burua zuritzeaz arduratu dira soilik».

ETBk uztailaren 27an eginiko zuzenekoaren irudia. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 19a
16:44
Entzun

Uztailaren 27ko albistegietako zuzeneko emisio bateko irudiek piztu zuten polemika. Egun hartan, Pasaiako itsasaldean arrantza sare zahar arriskutsu bat atera zuten urpetik, hainbat ontzik osatutako operazio baten bidez. ETBk albistegietako lantalde bat bidali zuen albistearen berri eman zezaten, eta berriemaile zereginetan aritu zen kazetaria Guardia Zibilaren txaleko batekin azaldu zen kontakizuna egiteko. Irudian ikusitakoak eragindako suminaren eraginez, ETBk hainbat kritika jaso zituen herritarrengandik, eta, are, gaiari buruzko galdera egin zioten Eusko Legebiltzarrean Andoni Aldekoa ETBko zuzendari orokorrari. Gaur, Aldekoak orduko hartan erantzunikoa salatzeko oharra plazaratu du ETBko LABek.

Langileak babesteko deus egin ez izana salatu du sindikatuak, besteak beste. Izan ere, Aldekoak Legebiltzarrean adierazi zuen zuzendaritzak ez zekiela kazetaria Guardia Zibilaren txaleko batekin azalduko zenik. «Haren erantzuna irakurrita [Aldekoarena] pentsa liteke lan hori egiteko erabakia, antolaketa eta kudeaketa osoa grabazioa eta bideoa egin zuten langileena izan zela. [...]», azaldu du LABek ohar batean, eta ohartarazpena egin dute: «Kazetariak ez zuen erabaki gaia, ezta grabazioa antolatu ere».

Hain zuzen, LABek nabarmendu du ETBk «bere ardurak gainetik kendu» nahi izan dituela. «Bere burua zuritzeaz arduratu da soilik, erantzun desegoki eta eskasa emanez», salatu dute. Sindikatuaren esanetan, ETBk aukera «ezin hobea» galdu du langileei adierazteko langileak babesteko prest dela. Jarrera horrek «arduratuta» utzi dituela azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.