Finantzak

Kargua utziko du Bundesbankeko buruak, Jens Weidmannek

Europako Banku Zentralaren azken urteetako kritikorik handiena izan da.

Jens Weidmann Bundesbankeko presidentea. HENNING SCHACHT / EFE
Iker Aranburu.
2021eko urriaren 20a
11:38
Entzun

Jens Weidmannek «arrazoi pertsonalak» argudiatu ditu datorren abenduaren 31n Bundesbankeko lehendakaritza utziko duela iragartzeko.

2011ko maiatzean hartu zuen Weidmannek Alemaniako banku zentralaren lehendakaritza, haren aurreko Axel Weberrek dimisioa eman zuelako, EBZko presidente izateko saioan huts egin ondoren —Mario Draghi hautatu zuten orduan, gaur egun Italiako gobernuburua dena—. Zortzi urterako kargua izan ohi da Bundesbankeko lehendakariarena, eta 2019ko otsailean beste agintaldi baterako izendatu zuen Alemaniako Gobernuak.

«Hamar urte baino gehiago denbora nahikoa da beste garai bati ekiteko, bai Bundesbankentzat, bai niretzat», azaldu du Weidmannek, Bundesbankeko langileei igorritako gutunean.

Eskutitz horretan, Weidmannek eskerrak eman dizkie EBZko lankideei, «azken urteetako eztabaidetan, askotan oso zailak, izandako giro ireki eta eraikitzaileagatik».

Eztabaida horietan belatza izan da Bundesbankeko burua; hau da, inflazioaren kontrol hutsari lehentasuna eman eta beste kontuak alde batera uztearen aldekoa. Weidmann izan da Draghik lehenik eta Christine Lagardek orain bultzatutako hainbat neurriren kritiko nagusia, hala nola interes tasa negatiboena, zor publikoaren eta pribatuaren erosketarena, eta ezohiko beste neurri batzuena. Ez Doktorea ezizena jaso du Weidmannek bere jarrera oztopatzailea dela eta.

2012ko udan, esate baterako, EBZko kide bakarra izan zen Draghiren promesa babestu ez zuena. Krisi betean, italiarrak agindu zuen EBZk «edozer» egingo zuela dibisa salbatzeko, baita, behar izanez gero, gobernuen bonuak erosi ere, estatu kideak merkatuen erasoetatik babesteko.

Draghiren agintaldia amaitu zenean, 2019ko urrian, Weidmann saiatu zen EBZren lehendakaritza eskuratzen, baina porrot egin zuen, Angela Merkelek berak ez zuelako babestu, eta nahiago izan zuelako Europako Batzordeko lehendakaritzarako hautagai alemaniar bat aurkeztu —harekin Defentsa ministro izandako Ursula von der Leyen hautatu zuten—.

Agurrean ere, kritikak

Agurrean ere, inflazioa izan du hizpide. «Inflazio simetrikoa eta argiagoa jarri dugu helburu», txalotu du Weidmannek, eta bere tesiak berriro defendatu ditu: «Luzerako egonkortasuna soilik izango da posible baldin eta diru politikak bere mandatu estua errespetatzen badu [inflazioa kontrolatzea] eta ez bada harrapatuta geratzen politika fiskalean edo finantza merkatuetan]. Beste hitz batzuetan, EBZk utzi egin behar diola jarduera ekonomikoa bultzatzeari eta euroguneko kideen finantzaketa errazteari.

Kargua utzi aurretik, abenduaren hasieran, Weidmannek parte hartu beharko du EBZren kontseiluaren bileran. Horretan erabaki behar du banku zentralak zein urrats egin behar dituen etorkizunean, eta, zehazki, zer egingo duen behin pandemiari lotutako zor erosketa programa agortzen denean.

Gobernu berriaren esku

Alemaniako Gobernuari dagokio Bundesbankeko presidente berria hautatzea, baina oso litekeena da Angela Merkelen jarduneko gobernuak gobernu berriaren esku uztea izendapena. Orain, koalizio gobernu bat negoziatzen ari dira sozialdemokratak, ekologistak, eta liberalak. Hautaketak ondorioak izango ditu, ez soilik EBZren politiketan, baita horiei buruz Alemaniako iritzi publikoak duen ikuspegian ere. Izan ere, Weidmannen garaian kritika ugari jaso dituzte EBZren neurriek, interes tasa txikiak bilatzeak kalte egin dielako Alemaniako aurreztaileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.