Albistea entzun

Zor erosketa moteldu egingo du Europako Banku Zentralak

EBZk uste du ekonomiaren errebote sendoa pizgarrien beharra arintzen ari dela. Aspaldiko partez, inflazioari adi ere badago, baina igoera aldi baterakoa dela dio
Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea, atzo, Frankfurten.
Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea, atzo, Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko irailak 10

Europako Banku Zentraleko usoen eta belatzen arteko eztabaida amaigabea beste fase batean sartu da. Pandemia lehertu zenetik, usoen tesia nagusitu da, hau da, eurogunean jarduera ekonomikoari eusteko gehiago egin behar da, eta ez gutxiago. Atzo, ordea, belatzek aspaldiko partez ikusi zuten beren ildoen aldeko keinu bat: urteko azken hiruhilekoan, EBZk aurreko bietan baino zor gutxiago erosiko du. Erabakia aho batez hartu zutela nabarmendu zuen Christine Lagarde EBZko presidenteak. «Kontu honetan ezin duzue belatzez eta usoez hitz egin», ohartarazi zien kazetariei.

Azken hilabeteetan, gutxi gorabehera 90.000 milioi euroren erosketak egin ditu hilero EBZk. Horrekin lortu du merkatuak baretzea, interesak oso maila apalean geratzea eta euroguneko estatu kideek —eta neurri batean enpresek eta herritarrek— oso merke finantzatu ahal izatea pandemiari lotutako gastuak. Kopururik ez dute eman, baina 60.000-70.000 milioi euroren aktiboez jabetuko da orain banku zentrala. Nahikoa da hori estatu kideek jaulkiko duten zor berri guztia irensteko.

Gainera, EBZk ohartarazi du ez duela zertan guztiz gastatu PEPP pandemiari lotutako zor-erosketa programaren 1,85 bilioi euroak; bilioi erdi falta zaio. Plan hori martxoan da amaitzekoa, eta, hurrengo hilabeteetan pandemiak edo egoera ekonomikoak okerrera egiten ez badute, ez dute luzatuko.

Azken urteetan, Mario Draghirekin lehenik eta Lagarderekin ondoren, usoek garaipenak kateatu dituzte, eta horregatik irten da EBZ inflazioaren kontrol hutsak markatutako bidezidor ortodoxo estutik. Usoen eskutik, banku zentralak zerora jaitsi ditu interes tasak, eta zor publikoa eta pribatua erosi du euroguneko ekonomia Atzeraldi Handitik eta koronabirusaren krisitik ateratzeko. Baina aldeko haizea sumatzen hasi dira belatzen habietan, hau da, Alemaniako Bundesbanken, eta Herbehereetako eta Austriako banku zentraletan. Izan ere, haien mamu nagusia, inflazioa, itzultzen ari da, eta ezohiko neurriak indargabetzen hasteko ordua gerturatzen ari da. Ez da, ordea, berehala etorriko, baizik eta urratsez urrats. «Iristen ari gara, baina oraindik ez gaude hor», esan zuen Lagardek, eta krisi aurretik baino bi milioi langabe gehiago daudela oroitarazi zuen. Eta Margaret Thatcherren esaldi bat moldatuta erakutsi nahi izan zuen EBZk beste banku zentralak baino zuhurrago jokatuko duela laguntzak kentzean: «The lady isn't tapering» [Anderea ez da pizgarriak kentzen ari].

Baina Lagardek ezin du ezkutatu inflazioa agertokira itzuli dela eta aurreko urteetan ez bezala jaramon egin behar zaiola. Abuztuan, esaterako, %3ra iritsi da eurogunean, tasarik handiena 2012az geroztik, eta EBZren beraren %2ko helburuaren oso gainetik. Hainbat faktorek azaltzen dute igoera hori: gasaren eta argindarraren garestitzea, konfinamenduen amaierak hornidura kateetan sortu duen estresa, lehengai batzuen eskasia, itxialdietan pilatutako aurrezkia gastatzeko irrikak eragindako kontsumo handia... Belatzek diote faktore horiek luzatu egingo direla, dagoeneko soldata igoera handiak eragiten ari direla, eta horrek gehiago elikatuko duela inflazioa. Usoek, berriz, esaten dute faktore horietako batzuk hurrengo hilabeteetan amaituko direla eta ez dela, hortaz, inflazioa seko geratzeko neurririk hartu behar —interes tasen igoera handi bat—, horrek ekonomien suspertzea trabatuko lukeelako.

Dialektika horretan, oraingoz, usoen tesiak nagusitzen ari dira. Atzoko bileraren osteko agirian, ez zen bide horretatik urrundu, eta epe erdian inflazioa %2an geratuko dela iragarri zuen, «nahiz eta trantsizio garai batean balitekeen helburutik nahiko gora dagoen inflazio bat egotea».

Aldaketak, abenduan

EBZk abendurako utzi du beste erabaki bat: zer egingo du zorra erosteko programa arruntarekin PEPP bukatzen denean? Aurreko krisitik datorren programa horrekin —APP izenekoa— hilero 20.000 milioi euroren zorra erosten duela. Bertan behera uzteko eta ohiko tresnetara itzultzeko presio egiten ari dira belatzak, baina usoek uste dute kentzeak arrisku asko dakartzala, neurri batean merkatuak diru horren jonkiak bihurtu direlako. Horregatik, merkatuak lasaitzeko eta gobernuen finantzaketa beharrak asetzeko, analista gehienek uste dute PEPP agortzen denean 40.000 milioira handituko duela.

Programa horri buruz ere bada argitu beharreko beste gauza bat: malgutasuna. Alemanian ez zezaten esan haren bidez EBZk estatuak finantzatzen dituenik —debekatua dauka—, banku zentralak muga bat jarri zion bere buruari: estatu kide baten zorraren herena baino gehiago ezin du erosi. Arazoa da kopuru horretara iristen ari dela Alemanian bertan, Herbehereetan eta beste herrialde batzuetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oinarrizko errenta zerbitzu publiko bat izango litzateke»

A. Biain

Bollainek irizten dio gutxieneko diru sarrera bat bermatzeko errentak ez direla nahikoa izan pobrezia amaitzeko. Dio, ordea, oinarrizko errentari esker herritarrek eskubide gehiago eta askatasun handiagoa izango dutela.
 ©BERRIA
Donostiako erdialdeko etxebizitza bat alokagai. ©JON URBE / FOKU
Atzo Gasteizen egin zuten bilketari hasiera emateko ekitaldia. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Zoru etiko baten eske

Aitor Biain

Sinadurak biltzen hasi dira baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskatzeko. Ekinaldiaren xedea da proposamena Eusko Legebiltzarrera eramatea han eztabaidatzeko eta lege izaera emateko. Sustatzaileek uste dute inoiz baino arrazoi gehiago dagoela gaur egun tresna hori eskura izateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Aranburu

Informazio osagarria