«Memoria inklusibo baten» beharra adierazi du Ahal Dugu-k

ETAren jarduna «bidegabea» izan zela uste du alderdiak, baita «kontakizunen bataila» baztertu behar dela ere.

EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile Pilar Garrido, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 20a
12:03
Entzun

EAEko Ahal Dugu-k etorkizuna eraikitzeko bere irizpideak aurkeztu ditu, ETAk behin betiko su-etena aurkeztu eta hamar urtera. Alderdiak azaldu du prozesuak lau zutabe nagusi izan behar dituela: justizia trantsizionala, gizarte ehuna berreraikitzea, memoria inklusibo bat eraikitzea eta «giza eskubideen urraketa jasan duten pertsona guztien» duintasuna kontuan izatea. «Errekonozimendua eta erreparazioa dira aurrera egiteko modua», azaldu du gutunean.

Alderdiak Urriaren 18ko Adierazpenak sinbolizatzen duen «aurrerapen nabarmena» azpimarratu du, baina uste du ETAren jarduna «bidegabea» izan zela gehitzea falta zaiola, indarkeria «beti» bidegabea delakoan. «Inoiz gertatu behar ez zen errore bat» izan zen erakunde armatuaren ibilbidea, Ahal Dugu-ren hitzetan.

Etorkizunera begira, «kontakizunen bataila» gainditzeko beharra azaldu du, logika horrek «berriro gatazkara» bideratzen duela esanez: «Gertatu zenari buruzko narratiba desberdinak artikulatzeko gaitasuna erabakigarria izango da etorkizuneko bizikidetzaren definizioan». Izan ere, adierazi du ez dagoela «oroimen bakar bat».

Beraz, «sufrimenduak onartzetik» haratago, «espazio partekatu bat» eraikitzeko lan egingo duen memoria inklusibo baten beharra nabarmendu du: «Kontua ez da gertatutakoaren historia ofiziala egitea, baizik eta gizartea gertaerak etikoki ulertzeko batzen duen memoria partekatua egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.