Gatazka kontatzeko moduaren inguruko mahai ingurua, BERRIAn

Samara Velte eta Maider Galardi ikerlariek, Emilio Majuelo historialariak eta Emilio Lopez Adan 'Beltza'-k hitzaldia eskaini dute transmisioaz, memoria inklusiboaz eta metodologiaz, besteak beste. Labak antolatutako lehen ekitaldia izan da.

joxerra senar
2021eko urriaren 20a
12:16
Entzun

ETAren adierazpenaren hamargarren urteurrenean, memoria gai korapilatsua da oraindik ere. Ematen du azken 60 urteen kontakizuna egiterakoan joera bat nagusitzen ari dela, baina horren inguruan zer jarrera du garai hura gertutik bizi ez zuen lehen belaunaldiak? Politika arloan indarkeriaz egiten diren epai moralen arabera ikertu behar al da azken 60 urteetan gertatutakoa eta ETAren historia? Memoria inklusiboaren beharra aipatzen denean, emakumeen ahotsa kontuan hartzen al da?

Gatazka nola kontatu izenburupeko hitzaldiak galdera horiek utzi zituen airean, eta hizlariak, bakoitza bere ezagutzatik eta esparrutik, erantzuten saiatu ziren, Xabier Letona Argia-ko kazetaria gidari zutela. Laba sareak Gazteluko plazako egoitzan antolatutako lehen ekitaldia izan zen. Mahai inguruan parte hartu zuten Samara Velte eta Maider Galardi ikerlari eta kazetariek, Emilio Majuelo historialariak eta Emilio Lopez Adan Beltza-k. Hain justu, Lopez Adanek aurten Borroka armatuaren historia Euskadin. 1967-2011 lan mardula argitaratu berri du, eta haren xehetasun batzuk laburbildu zizkien bertaratu zirenei, ordu batez, mahai ingurua hasi aurretik.

Hamar urtek balio dute ikusteko gatazka gertutik bizi ez zuen belaunaldia nola jasotzen ari den gertatukoaren kontakizuna. Oroitzapenik ez duten heinean, Samara Velteri interesgarria zaio aztertzea zer narratiba baliatzen duten, zer hizkuntza eta kontzeptu erabiltzen dituzten eta nolakoa den botere harremanen lotura. Gizarteak berak egiten duen memoria ariketa horren isla zuzena diren heinean, horri buruzko tesia lantzen ari da, 2000tik aurrera jaiotako 16 eta 22 urte arteko gazteekin. «Tesi bat da, ez da euskobarometroa», zehaztu du, eta lagin bat baino ez dela ohartarazi.

Haren esanetan, ondorioetako bat da gaia aipatzean «informazioaren aurretik» gaiarekiko posizionamendua nagusitzen dela, eta «gaitzespenaren diskurtsoak pisu handia» duela. Horrek, gainera, iraganarekiko posizionamendu arraro bat izatera eramaten ditu. Gazteek gertatutakoa jakiteko ez dute baliabide fidagarririk, eta «zerbait esan eta okertzeko beldurra» nagusitzen da. Helduek gaiarekiko pasotismoa izatea aurpegiratzen badiete ere, Veltek nabarmendu du gaiarekiko interes handia dutela. Haren ustez, belaunaldi berriek «ez dute galtzeko ezer», eta garai hura bizi ez izanak «konplexutasun gutxiagorekin eta ausardia eta irudimen gehiagorekin, zintzotasunez» jokatzera eraman beharko lituzke.

Jarrera horren atzean presio soziala dagoela uste du, eta horren adibide da Ipar Euskal Herrian gazteak «librexeago» sumatzen dituela, «presio soziala ez baita hain handia». «Adibidez, gazte batek esan zidan ETAren armagabetzearen egunean sumatu zuela egun tristeak zirela, erreferente sozial bat galtzen zelako. Ez du kritikatzen, baina zintzoki esaten zuen tristura nabaritu zuela. Hegoaldean, zailagoa da gazte batek hori esatea».

Beste ondorioetako bat da gatazkaren oso iruditeria biolentoa eta «oso ulerkera murritza» nagusitu dela. Hildakoen eta biktimen kategorizazio bat dago, baina horrek zaildu egiten die ikustea gazteei nola eragin dien horrek. Adibidez, familian oso gauza larriak gertatu zitzaizkion gazte bati galdetzean ea gatazkak zuzenean eragin zion, erantzun zuen ezetz: «Nondik dator desidentifikazioa? Jende horri guztiari ulertarazi zaiolako bere historia ez dela garrantzitsua».

Logikaren bila

Emilio Majueloren arabera, ETAren indarkeriaren inguruan argudio politiko gisa erabiltzen den morala albo batera utzi behar da historia ikertzeko orduan. «Ezin zaio pertsona talde bati, gizarte talde bati, nire morala inposatu. Hori politikan erabiltzen bada eta denok onartzen badugu, bikain, baina nire etika ezin da erabili historia aztertzeko. Horrela ez goaz inora».

Haren esanetan, historialariek gertaeren zergatiak bilatu behar dituzte, eta horretarako ulertu egin behar da bere garaian indarkeriaren aldeko apustu hori egin zutenen logika. «Apustu horrek emaitza batzuk eta ondorio batzuk eragin zituen, biktimak eragin zituen, baina, ibilbide hori egin gabe, historia egiten bada ez da historia, ez da merezi duen historia».

Berdintsu mintzatu da Emilio Lopez Adan. Gatazka nola kontatu behar den baino, nola ez den kontatu behar azaldu du, eta, haren ustez, indarkeria oro beti bidegabetzat jotzeko jarrera horrek ez darama inora: «Biolentzia guztiak kondenatzeko errazkeria ez da gure historia kontatzeko bidea». Haren irudiko, Prado museoan diren Goyaren koadroetan, gogoratu eta omendu egiten da 1808ko maiatzaren 2an Madrilgo herria Napoleonen tropen aurka aiztoak eskuan zituela altxatu zenekoa, eta hura ospatzen jarraitzen da gaur egun ere. Adibide bat besterik ez da. «Hartzen badugu munduko historian zenbat tokitan, zenbat herritan, biolentzia aipatzen eta ospatzen den? Mundu honetatik kentzen bada bidegabekeriaren aurka borrokatzeko behar moral, giza behar hori, zer bilakatzen da historia?», gogoeta egin du.

Samara Veltek gaineratu du gazteak eurak ere jabetzen direla diskurtso errazek ez dutela balio historia ulertzeko: «Ebaluazio moral bat egiten da, eta ETA zentzugabea zela, baina nola esplikatu historia zentzugabetasunetik?». Velteren esanetan, ETA deshumanizatzeko joera dago, baina gazteak ohartzen dira hori soilik egitea «inkoherentea», eta orduan hasten dira beste azalpenen bila. Beste kontu bat da, haren ustez, belaunaldi berriek egiten dituzten galderak ez direla aurreko belaunaldiek erantzun nahi dituztenak.

Ikuspegi feminista

Iraganaren kontakizunari begira, maiz, memoria inklusiboa eta poliedrikoa dela aipatzen da, baina Maider Galardik uste du inklusibotasun horretan ez dela sartzen emakumeen begirada. Haren ustez, desoreka bat dago. «Gatazkaren iruditeria eta haren pertzepzioa oso gizonezkoena da»; aldiz, gaur egun, gatazkaren ondorioak pairatu dituzten eremuetan emakumeak dira nagusi. Desoreka horrekin kezkatuta eta memoriari emakumeen begirada eman nahirik, Galardi tesi bat lantzen ari da.

Ikerketa horretan 25 emakume elkarrizketatu ditu, alde batekoak zein bestekoak —ETAren biktimen alargunak, estatu terrorismoaren biktimak, presoen amak, iheslarien senideak...—, eta haren mezu argia da memoria eraikitzailea eta askotarikoa egiteko kontuan hartu behar direla emakume horien guztien bizipenak eta istorioa. «Buelta bat eman behar diogu gatazkari buruz zer ulertzen dugun, indarkeriaz zer ulertzen dugun eta parte hartze politikoari buruz zer ulertzen dugun. Horrek ekarriko du emakume horien guztien bizipenak jaso eta historia osoago eta ikuspegi sendoago bat izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.