Brasil

Bolsonarori «erailketa masiboa» egoztea proposatu du Brasilgo Senatuko ikerketa batzordeak

Sei hilabeteko ikerketaren ostean, batzordeak zirriborro txostenean ondorioztatu du presidentearen kudeaketa «arduragabea» izan zela herrialdean 600.000 hildako eragin dituen pandemiaren aurrean.

Manifestari talde bat Bolsonarok koronabirusaren pandemiaren aurrean egin duen kudeaketarengatik protestan, joan den urriaren 8an, Brasilian. JOéDSON ALVES, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 20a
16:13
Entzun

Brasilgo Senatuko ikerketa talde batek gizateriaren kontrako krimenak egotzi nahi dizkio Jair Bolsonaro herrialdeko presidenteari, COVID-19aren pandemiaren aurrean hartu zituen erabakiak milaka herritarren osasunaren kontrakoak izan zirela iritzita. Bolsonarok koronabirusa herrialdean hedatzen utzi zuen, biztanleriak taldeko immunitatea lortu eta ekonomia ahalik eta azkarren suspertze aldera. Baieztapen hori egin du batzordeak gaur aurkeztu duen mila orritik gorako txostenean. Idatzia zirriborro bat da oraindik, eta batzordeak datorren asteartean bozkatuko du hura onartu ala ez. Senatariek haren edukia molda dezakete behin betikoa onartu baino lehen. Hala ere, albisteak Brasilgo agertoki politikoa aztoratu du dagoeneko.

Batzordearen arabera, Brasilgo presidenteak «kontzienteki» erabaki zuen koronabirusaren kontrako txertoen erosketa atzeratzea, eta inolako beharrik gabe kondenatu zituen milaka herritar heriotza goiztiarrera. «Egoeraren matematika argia zen: orduan eta kutsatze gehiago, orduan eta heriotza gehiago. Txertorik gabe heriotza tasa izugarria espero zitekeen, eta horrelaxe gertatu zen».

Bolsonarori 11 delitu leporatzen dizkio denetara. Besteak beste, gizateriaren kontrako krimenak eta osasun publikoaren kontra jardutea; azken hori, eraginkortasunik ez duten sendagaien erabilera sustatzeagatik. Presidenteak malariaren kontrako hidroxiklorokina sendagaiaren aldeko apustu «tematia» egin zuen, txostenaren esanetan, nahiz eta horretarako oinarri zientifikorik ez izan.

Agerikoa da presidenteak zientziaren irizpideen kontrako diskurtsoa zabaldu zuela, eta horrek eragin zuzena izan zezakeela herritarren portaeran, beren osasunaren kalterako, baina txostenak larritasun handiagoa aitortu dio Bolsonarok COVID-19aren kontrako txertoak erosteko aukerei muzin egin izanari. «Txerto ugari eskuragarri egon arren, horiek ez erostea erabaki zuen gobernu federalak. Txertoen eraginkortasuna eta segurtasuna frogatu zuten azterketa zientifikoen kontrako erabakia izan zen, eta txertoak bizitzak salbatuko zituztela egunero errepikatu zuten epidemiologoen aurkakoa».

Koronabirusaren pandemia 2020ko otsailean hasi zen hedatzen Brasilen, eta joan den ekainean lortu zuten haren eragina mugatzen hastea, nazioartean eredugarritzat jo den herrialdeko osasun sistema publikoaren ahaleginari esker. Batzordeak adierazi du birusa zabaltzen hasi zenetik aurtengo urtarrilera bitartean eutsi ziola Bolsonaroren gobernuak txertoak ez erosteko erabakiari. Ikerketan ondorioztatu dute atzerapen horrek «txerto horiek erabili zitzaketen milaka brasildarren heriotza» eragin zuela.

Bolsonarori kudeaketa arduragabea egozten diote zirriborroan, txertoak ez erosteko erabakia «funtsik gabeko uste» batean oinarritzeagatik. Presidenteak sinetsi zuen «kutsatze naturalaren bidez talde immunitatea» lortuko zela eta «koronabirusarentzako tratamendu goiztiarrak bazirela».

Gertuko hainbat agintarik beren lekukotza eman dute ikerketa batzordearen aurrean, eta, horien artean, Osasun ministro izandakoek. Zenbaiten adierazpenek ez diote batere lagundu Bolsonaroren irudiari. Esaterako, Luiz Henrique Mandetta Osasun ministroak ziurtatu zuen presidentea jakitun zegoela beren kudeaketak «heriotzak» eragin zitzakeela «eskala izugarrian».

Senatuak txostena dagoen horretan onartuko balu ere, zaila izango da salaketak Bolsonaroren kontrako kargugabetze prozesu bat hastea. Presidentea agintaldiaren hirugarren urtean dago, eta datorren urteko urrian egingo dira presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak. Dena den, halako karguen zamak eragin politiko esanguratsua izan dezakete boz horietan, hainbat analistaren ustez, Bolsonaroren kaltetan. Inkestek Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohia jotzen dute faboritotzat, nahiz eta oraindik ez duen haren hautagaitza aurkeztu —gaur adierazi du 2022ko martxoan edo apirilean iragarriko duela aurkeztuko den ala ez—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.