hezkuntza

Steilasek «hezkuntza sistema publiko-pribatua» amaitzeko eskatu du

'Euskal eskola publikoaren etorkizunean lanean' izenburupean, jardunaldiak egingo dituzte hilaren 28an, Donostian.

Steilasen prentsaurrekoa, gaur goizean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 20a
16:44
Entzun

Hezkuntza eragileak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan eragina izango duen hezkuntza legera eta haren aurretik lortu nahi duten hezkuntza hitzarmenera begira jarrita daude. Steilas sindikatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Bilbon, bere iritzia zein den jakinarazteko eta lehentasunak finkatzeko. «Publifikazio prozesu progresiboaren» aldeko apustua berretsi dute. Nabarmendu dutenez, «urteak» daramatzate hezkuntza sistemako «egiturazko arazoak» salatzen, eta horretan egungo «sistema publiko-pribatuak» duen erantzukizuna izan dute hizpide: «Behin eta berriro esan dugu egun dugun sistema publiko-pribatu duala gure gizartearen estratifikaziorako eta segregaziorako tresna bat dela».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak urtebete aurreratu du hezkuntza hitzarmena lortzeko epea: 2022an lortu asmo dute. Sindikatuak eskatu du akordioaren datari baino garrantzi handiagoa emateko hura lortzeko moduari. «Prozesu horrek benetan parte hartzailea izan beharko du, eta, alderdi politikoetatik harago, hezkuntza komunitatea ere barne izan beharko du. Prozesuak presa eta interes politikoetatik aldendu beharko du, parte hartzea eta etekina erreala izan daitezen». Beste eskaera bat ere egin dute: «Gaurko gatazka konpondu nahi badugu, dugun hezkuntza sistema publiko-pribatua amaitu beharko da; hau da, ituntze politika unibertsala amaitu beharko da».

Sindikatuaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak EH Bildu du hitzarmenerako bidelagun, «EH Bilduk ere momentu berean hezkuntza akordioaren beharra baieztatu baitzuen aurkeztutako hezkuntza proposamenean». Azaldu dutenez, «balizko akordio horren» lehen zertzeladak komunikabideen bidez jaso dituzte: deszentralizazioa, udalaren garrantzia, ikastetxeen autonomia eta bi sareen egungo titulartasunak —publiko eta pribatua— bere horretan mantentzea. Steilas «oso arduratuta» dago, ez baitute uste neurri horiek egungo egoera konpontzeko balio dutenik.

Hurrengo astean, jardunaldiak

Hezkuntza hitzarmenari buruz duten iritzia ematearekin batera, Steilasek jardunaldi batzuk ere aurkeztu ditu. Hilaren 28an egingo dituzte, Donostiako Kursaalean, Euskal eskola publikoaren etorkizunean lanean izenburupean. Besteak beste, eskola publikoko guraso eta zuzendarien ikuspegia jasoko dute, EHIGEko Lurdes Imazen eta Heizeko Iñigo Salaberriaren eskutik, eta Kataluniako esperientziaren berri emango du Xabier Diez i Rodriguez USTEC sindikatuko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.