Eusko Legebiltzarrak ez du lortu ETA «gaitzesteko» adierazpen instituzionala adostea

ETAren amaieraren hamargarren urteurrena dela eta, testu bat onartu dute EAJk, PSEk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+C´s-ek eta Voxek. EH Bildu ez da batu adierazpenera.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuren aretoa, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 21a
12:14
Entzun

ETAren amaieraren hamargarren urteurrenaren harira, PP-Ciudadanos taldeak adierazpen instituzional baterako proposamena aurkeztu zuen joan den asteazkenean Eusko Legebiltzarrean, eta gaur izan dute hizpide Bozeramaileen Batzordean. Bilera horretan, PP-C's taldearen testuaren ordezko beste bat aurkeztu dute EAJk eta PSEk, eta horren alde agertu dira Elkarrekin Podemos-IU, PP+C's eta Vox. EH Bilduk, ordea, ez du dokumentua sinatu, eta, beraz, testua ez da aho batez onartu. Izan ere, legebiltzarreko araudiak dio adierazpen instituzional bat onartzeko ezinbestekoa dela talde politiko guztien adostasuna; baina, gaur, EH Bilduk ez du gainerako alderdiek onartutako testuaren inguruko jarrerarik agertu.

Hori hala, EH Bilduk ez beste taldeek sinatutako testuak «gogor gaitzetsi» du «ETAren jarduera terroristak lau hamarkadatan baino gehiagotan izandako zentzugabekeria eta bidegabekeria». Halaber, taldeek salatu dute indarkeriak ez duela «zilegitasunik» helburu politikoak lortzeko. ETAren indarkeriaren «basakeria» jasan zuten biktimei laguntza eskaini diete, halaber. «Argi eta garbi esaten dugu min hori ez zela inoiz gertatu behar. ETAk kalte konponezina utzi zuen euskal gizarte osoan». Horrekin batera, taldeek azpimarratu dute garai berriak «erantzukizunak onartzea eta eragindako mina aitortzea» eskatzen duela bizikidetza «egiatik, memoriatik eta justiziatik» eraiki nahi bada. «Gogoeta plurala sustatzeko lan egin behar da, argi eta garbi gera dadin ezin dela argudiorik, gatazkaren teoriarik, aurrez aurreko bandorik edo alde desberdineko urraketen salaketarik argudiatu ETAren indarkeria gutxietsi, justifikatu edo legitimatzeko». Halaber, testuan taldeek konpromisoa hartu dute indarkeriaren zikloa amaituta «ahalegin guztiak» egingo dituztela bizikidetza eta pertsona guztien «giza duintasunaren eta giza eskubideen» errespetua eraikitzeko.

EH Bilduk adierazi du ez dutela testuari buruzko aldeko edo kontrako jarrerarik azalduko, eta oso kritiko agertu dira adierazpen instituzionala sustatu duen PP-C's koalizioarekin; leporatu diote haren helburua ez dela izan «adierazpena, akordioa eta zubiak eraikitzea; konfrontazioa, lubakiak eta gaiaren erabilera alderdikoia egitea baizik». Gogorarazi dute, halaber, Voxekin batera ez dutela ezer sinatuko.

PPren kritika

Eusko Legebiltzarrean gertatutakoa EH Bilduren aurka egiteko baliatu du Carlos Iturgaitz Eusko Legebiltzarreko PP+Cs taldeko presidenteak. Haren ustez, ETA gaitzesteko adierazpena babestu ez izanak agerian uzten du koalizio abertzaleak ETAren biktimei zuzendutako mezua «faltsua» zela. Iturgaitzen ustez, EH Bilduk «arkume mozorroa kendu du, otso mozorroa jartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.