Zuzenbide estatua

Poloniari aurre egiteko presioa handitu zaio Europako Batzordeari

Europarlamentuak Varsoviaren kontrako neurriak eskatu dizkio Von der Leyeni, eta mehatxu egin dio auzitara joango dela. EBko estatu kideen artean desadostasunak daude hartu beharreko erabakiez; Hungariak bere aliatua defendatu du.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, artxiboko irudi batean. FRANCISCO SECO / EFE
ander perez zala
2021eko urriaren 21a
14:34
Entzun

Europako Batzordeak, estatu kideetako agintarien babesarekin, badu egutegi bat finkatua Poloniako Gobernuak eragin dituen erronkei eta arazoei aurre egiteko. Horren arabera, epe laburrera begira, ez dago aurreikusita Varsoviaren kontrako neurri sendorik, nahiz eta pauso hori emateko ahotsak ugaritzen ari diren egunek aurrera egin ahala; are, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak asteon Europako Parlamentuan egindako hitzaldi erasokorraren ondotik. Testuinguru horretan, eta gainontzeko erakundeen ekintzarik eza ikusirik, eurodiputatuak dira Bruselari presioa gehiago handitu diotenak, mehatxuak, epemugak eta salaketak tarteko.

Iragan astearteko saioan Poloniako lehen ministroaren eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen agerraldiak entzun ostean, Europako Parlamentuan ordezkaritza duten talde politikoetako bozeramaileek Varsoviaren kontrako iritziak helarazi zituzten; horien artean zeuden herrialde horretako zenbait eurodiputatu, agintean dagoen koalizioko alderdietako kide ez direnak.

Hain justu, hitzaldi horiek gerora etorri denaren aurrekari eta abisu izan ziren: Europako Parlamentuaren pazientzia agortzen ari dela, eta Europako Batzordea salatzeko prest daudela. Horren berri eman zuen atzo ganberako presidente David Sassolik, Von der Leyeni ohartarazita Europako Justizia Auzitegira joko dutela azaroaren 2rako ez badizkiete EB Europako Batasunaren funtsak eteten zuzenbide estatuaren aurka egiten dutenei. Alegia, Poloniari eta Hungariari.

Bi herrialde horiek jada aurkeztu dituzte beren planak talde komunitarioak iragan udan negoziaturiko dirua jasotzeko, baina Bruselak oraindik ez die baiezkorik eman, besteak beste, sistema judizialaren independentzia eta gutxiengoen eskubideak errespetatzearekin lotu baititu.

Europako Parlamentuaren ultimatuma, ordea, egiazkoa da, Sassolik jada abiarazi baititu Europako Batzordearen kontrako salaketa aurkezteko tramiteak. Labur esanda, eurodiputatuek nahi dute Poloniak eta Hungariak EBren dirurik ez jasotzea.

Presio hori gaur europarlamentuan onartu duten ebazpen batekin handitu dute —aldeko 502 boto jaso ditu, 671tik—, Europako Batzordeari eta Europar Kontseiluari exijitu baitiete arau hauste prozedura bat abiatzea, Poloniaren kontrako zigor ekonomikoak agintzeraino —eguneko milioika eurorenak lirateke—.

Hain justu, hori da Von der Leyenek iragan asteartean aipaturiko aukeretako bat; beste biak honako hauek dira: 7. artikulua berriz martxan jartzea, eta horrek Polonia boto eskubiderik gabe utziko luke Europar Kontseiluan, eta, oro har, EBko bilera komun guztietan —ahobatezko erabakia da, eta Hungaria kontra agertu da—; eta ziurrenik eraginik handiena izan dezakeena: suspertze funtseko dirua blokeatzea.

Talde komunitarioko gobernuburuak eta estatuburuak gaur eta bihar dira berriz ere biltzekoak, Europar Kontseiluan, eta agintari horietako batzuek goi bilera baliatu nahi dute Varsoviak zuzenbide estatuaz harturiko erabakiak jorratzeko. Berez, bileraren agenda ofizialean ez dago gai horri buruzko erreferentziarik, baina Von der Leyenek onartu egin du auzia hizpidera ekartzea; hori kontuan harturik, ez da espero estatu kideek erabaki formalik hartuko dutenik; are gutxiago, aho batezkorik, tartean baita Polonia, eta Hungaria ere bai —Varsovia babesten du.

Auzi horretaz, Morawieckik kazetariei adierazi die prest dagoela EBko gainontzeko agintariekin negoziatzeko, baina, aldi berean, ohartarazi die ez duela «xantaiaren presiopean ekingo»; Europar Kontseilua abiatu aurretik egin ditu adierazpenok, Bruselan. Hura baino lehen, Viktor Orban Hungariako lehen ministroa Varsoviarekin lerratu da: «Polonia Europako herrialderik onena da. Ez dago zigorrik erabakitzeko beharrik. Irrigarria da. Poloniarrek arrazoi dute: lege nazionala gainetik dago».

Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak, berriz, elkarrizketarako beharra aldarrikatu du, eta Xavier Bettel Luxenburgoko gobernuburuak adierazi du Poloniari funtsak kentzeak «azken irtenbidea» izan behar lukeela. Micheal Martin Irlandako Errepublikakoak tonu gogorragoa izan du, «oso kezkatuta» daudela adierazita, baina agerraldian ez da haratago joan kritikez aritzean.

Varsovian, jarrera aldaketarik ez

Europarlamentuko ebazpenaren bozketaren aurretik, Poloniako Wyborcza egunkariak jakinarazi du herrialde horretako gobernuak ez duela jarrera aldatzeko asmorik, eta Europako Batzordearekin duen talka bere horretan mantendu nahi duela.

Agintean dagoen PiS Legea eta Justizia alderdiko iturriak aipatuta, egunkariak dio Jaroslaw Kaczynski dagoela erasoaldi politiko horren atzean; Kaczynski PiSeko presidente eta Poloniako lehen ministrordea da, eta hark du eraginik handiena herrialdeko gobernuan. Wyborcza-ren arabera, agintariak EB bere mugetaraino bultzatu nahi du: «Ez dugu amore emango, eta suspertze funtseko dirua jasoko dugu».

Sassolirentzat, Varsoviak jarrera horri eusteak zilegiago bilakatuko luke eurodiputatuen presioa. Europako Batzordeak, baina, bere bide orriari jarraitu nahi dio, eta Europako Justizia Auzitegiaren erabakiaren zain egon inolako neurririk agindu aurretik.

COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz sortutako suspertze funtsak erabili ahal izateko, Europar Kontseiluak jarri zuen baldintzetako bat da zuzenbide estatua errespetatu behar dutela. Baina Hungaria eta Polonia ez daude ados, eta horren kontrako helegitea jarri zuten Luxenburgoko auzitegian, joan den martxoan, argudiatuz baldintza horrekin Bruselak bere gain hartzen dituela ez dagozkion eskumenak, eta «baztertzailea» dela.

Auzitegiak abenduaren 2an emango du helegiteari buruzko atariko erabakia, eta behin betikoa urte amaierarako espero da, goizenez. Europako Parlamentuko diputatuentzat, ordea, berant hori onartezina da, berehalako neurriak nahi baitituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.