Indarkeria matxista

Gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

Erasoa joan den igandean gertatu zen, goizaldean. Atxilo eraman zuten gizonezkoa, eta asteartean igaro zen epailearen aurretik. Zarauzko eta Zumaiako udalek elkarretaratzera deitu dute biharko.

Indarkeria matxistaren aurka iaz Zarautzen eginiko protesta baten irudia. JON URBE, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 21a
16:01
Entzun

Beste eraso matxista bat Euskal Herrian. Ertzaintzak jakinarazi duenez, Zarautzen (Gipuzkoa) gizonezko bat atxilotu dute emakumezko bati sexu erasoa egitea leporatuta. Emandako datuen arabera, erasoa igande goizaldean gertatu zen, Zarautzen. Poliziek egunean bertan eraman zuten gizona atxilo, eta, jakinarazi dutenez, asteartean pasatu zen epailearen aurretik, Azpeitiako (Gipuzkoa) Auzitegian.

Zumaiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi du erasoaren biktima Zumaiakoa (Gipuzkoa) dela, eta, erasoa gaitzesteko, protestara deitu du gaur. Zumaiako Mugimendu Feministarekin batera zabaldu dute deialdia: bihar eginen dute mobilizazioa, 19:00etan, Beheko Plazan.

Halaber, erasoa Zarautzen gertatua izaki, herriko udalak adierazpen instituzional bat atera du argitara. Udalak babesa azaldu die biktimari eta haren hurbilekoei, eta «gogor» gaitzetsi dute erasoa. «Erakunde gisa, udalak argi eta garbi adierazten du ez duela inondik ere onartuko emakumeen giza eskubideen urraketarik». Halaber, nabarmendu dute emakumezkoen kontrako indarkeria «egiturazko arazo baten ondorio» dela. Elkarretaratzera deitu dute biharko. Eguerdian biltzera deitu dituzte herritarrak, Zarauzko Lege Zaharren plazan. Halaber, oharrean herritarrei eskatu die «publikoki erakuts dezatela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.